2024-10-28 17:37
Enpresak negoziazioa blokeatu du hasieratik. Ez du jaramonik egin langileen ordezkariek hitzarmen propio baten negoziaketarako egindako ahalegin guztiei.

Ibaitor, S.A. (LONTANA Taldekoa) Amorebietako enpresa bat da. Bertan, torloju industrialak banatu eta biltegiratzen dituzte, eta horretarako 40 langile ditu. Aplikatu beharreko hitzarmena Bizkaiko Metalaren Merkataritza da, 2019tik berritu gabe dagoena.

Euren lan baldintzak hobetzen ez zirela ikusita, 2024. urtearen hasieran, antolatzea erabaki eta hauteskunde sindikalak egin zituzten. Horren ondorioz, ELAko hiru ordezkari hautatu zituzten, maiatzetik zuzendaritzarekin enpresa hitzarmen bat negoziatzen saiatu direnak, hain zuzen.

Tamalez, 5 hilabete hauek guztiz hutsalak izan dira: enpresak ez die jaramonik egin ordezkari sindikalen negoziazio-ahalegin guztiei, ez da behin ere eseri haiekin, eta, jakina, ez du negoziazio-mahaia eratu nahi izan. Behin deialdia eginda eta soilik grebaren lehen egunaren atarian, enpresak bilera bat deitu du negoziatzeko borondatea agertzeko, baina ez du inolako edukirik proposatu. Ez da nahikoa.

Gauzak horrela, grebaren lehen egunean, langileek grebaren alde egin dute (%90eko jarraipena), beren baldintzak hobetuko dituen eta enpresaren egoerara egokituko den hitzarmen propioa izateko helburu irmoarekin (talde bereko beste enpresa batzuek bezala).

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.