2024-11-18 12:32
ELAk salatu du enpresek 2007an baino ia 100 milioi gutxiago ordaintzen dutela zergetan, eta soldatapeko errentek, aldiz, 810 milioi gehiago. ELA abenduaren 13an mobilizatuko da, kapitalari eta aberastasunari ezarritako zergak nabarmen handituko dituen erreforma fiskala eskatzeko.

ELAk fiskalitateari buruzko "Langile klaseak eusten du zerga sistema" izeneko txostena aurkeztu du. Prentsaurrekoan Imanol Pascual Nafarroako koordinatzaileak, Aitor Murgia gizarte politiken arduradunak eta Saioa Urriza ekintza sozialeko arduradunak parte hartu dute. Txostenak ondorioztatzen du Nafarroako zerga bilketaren bolumena Europakoaren oso azpitik dagoela oraindik, presio fiskala Europako batez bestekoa baino % 6,5 txikiagoa baita. Gainera, diru bilketa langile klasearen ahaleginaren kontura egiten da:

  • Bilketaren ia erdia zeharkako zergetatik dator, eta laneko errentek enpresek baino 3,5 aldiz ekarpen handiagoa egiten dute.

  • 2007tik, BEZaren eta zerga berezien bilketa % 40 igo da, laneko PFEZaren bilketa % 85 igo da eta sozietateen gaineko zergaren bilketa % 15 jaitsi da (Hungariak, Estoniak eta Letoniak soilik dute sozietateen gaineko zergan Nafarroak baino presio fiskal txikiagoa EB-27 osoan).

Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) egindako 2025erako Neurri Fiskalen Foru Legearen proiektuak Nafarroan dagoen fiskalitate eskasa eta bidegabea mantentzearen alde egiten du berriro. Lege Proiektuaren atariko tituloak berak argi uzten du hori, hitzez hitz esaten baitu "neurriak enpresa jardueraren fiskalitatea hobetzera bideratuta daudela". Gogoratu behar da, gainera, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioak EH Bilduren konpromisoa jasotzen duela lege honen onarpena errazteko. ELAk salatzen du, UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 10 urte igaro direnean, zerga politikak ia berdina izaten jarraitzen duela.

2025erako neurri fiskalei buruzko Foru Legearen proiektua, funtsean, enpresei eta errentan hartutako etxebizitzen jabeei zergak jaistea bilatzen duten salbuespen, kenkari eta pizgarri fiskaletan datza, eta horrek progresibitatearen aurka jo eta Nafarroaren diru bilketa ahalmena okertzen du. Etxebizitzaren egoerari dagokionez, jabeei zergak jaisteak ez du etxebizitza arazoa konpontzeko balioko, eta hori ez da gertatuko Gobernuak BPGaren % 0,3 soilik etxebizitza politika publikoetara bideratzen jarraitzen duen bitartean.

Gutxieneko pentsioen osagarriari dagokionez, ELAk positibotzat jo du neurri hau, nahiz eta oraindik zenbateko nahikoa ez izan, baldin eta modu eraginkorrean egiten bada. Zentzu honetan, ELAk kritikatzen du pentsioen osagarria PFEZren kenkari baten bidez gauzatzea, eta ez prestazio ekonomiko baten bidez. Modu honetan egiteak ez du bermatzen pentsioen osagarria behar duten pertsona guztiengana iritsiko denik, besteak beste, pentsioak jasotzen dituzten pertsona askok ez dutelako PFEZ aitorpena egiteko beharrik gutxienekora ez direlako iristen.

Hau guztiagatik, ELAk zerga politikaren erabateko aldaketa planteatzen du. Horretarako, PFEZa aldatu behar da errenta altuen zerga tasak handitzeko, Ondarearen gaineko Zerga aldatu behar da, enpresek euren irabazi kontableen % 25 gutxienez ordainduko dutela bermatu behar da, eta soldatapekoak ez diren errenta guztiak ikuskatu behar dira, ikuskapenik ezak iruzurra sustatzen duelako.

Azkenik, ELAren ustez, mobilizazioa ezinbestekoa da aberastasuna hobeto banatzen lagunduko duen zerga politika lortzeko, kapitalari zergak nabarmen handituz. Horregatik, abenduaren 13an, sindikatuak ekitaldia egingo du ordezkariekin Iruñean, eta manifestazioa egingo du 12:00etan, Nafarroako Parlamentuan amaituz.

Hemen txosten osoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.