Negoziazio mahaia hasi zenetik ia lau urte igaro ondoren eta 32 bilera egin eta gero, enpresak ez du egin plantillaren erreklamazioei erantzuten dien eskaintzarik. Europako beste herrialde batzuetan lanaldiak murrizten ari dira eta lan baldintzak hobetzen ari dira kontziliazioa errazteko asmoz. Avanza Movilidad Gipuzkoa SAk, berriz, egunean ordu gehiago egiteko eskatu die bere langileei, lan poltsa arautzeari uko egin dio eta errelebo kontratuei heltzeko aukera ukatu du.
Gainera, batzordeak autobus flotaren egoera salatu du, eta adibidetzat jarri du asteburu honetan bertan horietako batek su hartu zuela. Gauzak horrela, Enpresa Batzordeak grebara deitu du langileen baldintzak eta herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Akordiorik lortu ezean, hurrengo hilabeteetan grebekin jarraituko dutela ohartarazi dute.