Beste behin ere, enpresaren zuzendaritzak langileen greba eskubidea boikoteatu eta mugatu nahi du; Eusko Jaularitzak hau guztia onesten du. Onartezina da herritarren osasunean diharduten erakunde publikoek eta enpresa pribatuek horrela jokatzea.
Oztopoak oztopo, eguna indarrez hasi dute langileek. Arrasateko ospitalean itxialdia egin nahi izan dute goizetik hasita, egun osoa bertan egon eta gatazkaren inguruko informazioa sozializatu eta senideekin partekatzeko helburuarekin. Enpresaren zuzendaritzak langileak bertatik kanporatzeko ahaleginak egin ditu, grebalariei informazio eskubidea ukatuz.
ELAk langileek deitutako mobilizazioetara parte hartzeko deia luzatu nahi die herritar, pazienteen senide eta eragile sozial guztiei. Osasun mentala indartu eta langileen lan baldintzen prekarietatearen aurkako borroka honetan, bizitza erdigunean jartzea aldarrikatzen jarraituko du ELAk. Otsailaren 9an Eusko Legebiltzarraren aurrean egingo dute elkarretaratzea; otsailaren 11n, berriz, manifestazioa egingo dute Arrasaten.