Bi kamioitan zihoazen lau pertsona hil dira, zihoazen kamioiek aurrez aurre izandako istripu batean. 47 eta 46 urteko bi gizon, eta 41 eta 47 urteko bi emakume dira hildakoak. N-113 errepidean, Fiteron, gaur goizaldean gertatu den istripua.
Lehenik eta behin, ELAk babesa eta elkartasuna adierazi nahi die hildako pertsonen familiei eta lankideei.
ELAk salatu du garraiolarien lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla, eta garraiolariek izaten dituzten lan istripuak ez direla askotan zenbatzen estatistika ofizialetan, trafiko istripu gisa ezkutatzen direlako.
Garraiolariek jasaten dituzten lan istripuak sektorea erabat desaraututa egotearen eta garraiolarien erabateko eskubide faltaren ondorio zuzenak dira. Izan ere, garraiolariek, beren lana mantentzeko, enpresen presei eta presioei, ordutegi estuei, gehiegizko pisua duten kargei, zerbitzuengatiko prezio baxuei, lanaldi luzeei, garraiolariari garraioa deskargatzea eskatzeari ta duintasunez atseden hartzeko ezintasunari aurre egin behar izaten diete, besteak beste. Egoera honek, zaildu eta oztopatu egiten du garraio jarduera duin eta segurua egitea, eta, gainera, arriskuan jartzen dute, askotan, profesionalen bizitza.
Nafarroan, batez beste, pertsona bat hiltzen da lan istripuan bi astean behin. Datuek adierazten dute enpresek sistematikoki ez dutela prebentzio araudia betetzen. Nafarroa da ezbehar tasa handiena duen bigarren erkidegoa, eta horrek agerian uzten du Enplegu Planen eta elkarrizketa sozialaren eraginkortasunik eza, nahiz eta azken biek 1.200 milioi eurotik gorako aurrekontua izan duten. ELAk baliabide gehiago eskatzen ditu prebentzio araudia betetzen dela kontrolatzeko eta ikuskaritzako plantilla 45 pertsonara arte indartzeko.
ELAk elkarretaratzea deitu du bihar, martxoak 6, Nafarroako Parlamentuaren parean, 10:00etan, laneko heriotzak salatzeko eta senideei eta lankideei elkartasuna adierazteko.