2024-10-25 11:21
Arkautin antolatutako frogetan Eusko Jaurlaritzak ahozko gaitasunen froga gaztelaniaz egitea behartu zituen hautagai guztiak. Ama hizkuntza euskara duen hautagai batek erabaki honen aurrean jarritako helegiteari diskurtso euskarafoboz erantzun dio Eusko Jaurlaritzak. Eusko Jaurlaritzaren arabera normaltzat hartu behar da garrantzitsuak diren ahozko gaitasun bakarrak gaztelaniazkoak izatea eta suhiltzaileen lan-hizkuntza gaztelania izatea.

Eusko Jaurlaritzak suhiltzaileen hautaketarako froga bateratua antolatzen du. 2022ko urriaren 25ean egindako azterketan ahozko gaitasunen froga gaztelaniaz egitera behartu zituen hautagai guztiak eta erabaki hau errekurritu zuen hautagai batek ELAren bidez. Gasteizko epaitegiak arrazoi eman zion ELAren demandari, baina, beste arrazoi batzuk medio, ez zuen espreski ebatsi hautaketa froga euskaraz egiteko aukerari buruz. ELAk errekurtsoa ezarri zion epaiari azterketa euskaraz egiteko debekuari buruzko erabaki espresa eskatzeko. Helegite honi erantzun dio Eusko Jaurlaritzak argudio euskarafoboz beteriko idatzi baten bidez.

Eusko Jaurlaritzak azaltzen du hautagaiek ez dutela eskubiderik azterketak beren hautazko hizkuntzan egiteko eta gaztelaniaz soilik egitea hobesten du. Hitzez hitz Eusko Jaurlaritzaren abokatuak dio: “Para garantizar el derecho de acceso en condiciones de igualdad, es fundamental que todos los candidatos realicen un examen único, en el mismo idioma, sin diferencias en su dificultad o planteamiento”. Eta hizkuntza komun horrek gaztelania izan behar du derrigorrean.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren arabera derrigorrez hautagai guztiek gaztelaniaren ezagutza nahikoa dutela frogatu behar dute, “tampoco se puede ignorar que el derecho a realizar el examen en euskera no exime a la aspirante de la obligación de demostrar que posee las aptitudes verbales necesarias en castellano”. Eta Espainiako Konstituzioaren 3. artikulua oroitarazten du, hau da, gaztelania ezagutzearen derrigortasuna. eta beste hizkuntza ofizialak ezagutzeko aukera ezartzen duena.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak argi uzten du suhiltzaileen arteko lan-hizkuntza gaztelania izan behar dela derrigorrez eta horregatik “resulta indispensable que todas las personas que participan en una intervención puedan comunicarse de forma efectiva en un idioma común”, eta hizkuntza komun horrek gaztelania izan behar du.

ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegiten dio suhiltzaileen hautaketa froga guztiak euskaraz egiteko aukera eskain dezala, hautagai guztien hizkuntza eskubideak bermatu daitezen eta ama-hizkuntza euskara duten hautagaiek frogan nota okerragoa izateko arriskurik izan ez dezaten. Era berean, ELAk eskatzen du suhiltzaileen artean euskara lan-hizkuntza izan dadin baliabideak eta laguntzak eskain ditzala, ezin baita ontzat eman gaztelaniaz bakarrik lan egiteko aukera izatea.

Eusko Jaurlaritzaren jarrerak argi erakusten du gaztelaniaren inposaketa erabat normalizatua daukala eta ez duela inongo asmorik euskaldunon hizkuntza eskubideak babesteko. Momentu honetan Arkautiko Akademiako zuzendaria aurreko hizkuntza politiketarako sailburuordea da, ELAk bereahalako neurri eraginkorrak hartu ditzala exijitzen dio Miren Dobarani.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.