2025-01-10 12:13
Duela hamar urte lehen aldiz erasotzaile batekin egin nuen topo, edo behintzat lehen aldia zela uste nuen. Honakoa liburuetan agertzen den horietako bat zen, jai giroan, gizon ezezagun eta nagusi zein nazgarri bat zen. Erreza izan zen identifikatzea eta gure jai girotik kanporatzea, baina ordutik honakoa ez da hain erreza izan.

Zer gertatzen da erasotzailea gure laguna, kidea, senidea edo maitalea denean?

18-19 urterekin hasi nintzen militantzian, eta harrezkero, gertuko bost kideren aurkako komunikatuak irakurri/entzun ditut. Kontuak eginda, bi urtetik behin. Eta ez, ez da erreza izan. Kuestionatu naiz, feminista txarra sentitu naiz, beraiekin bizi izan ditudan pasarteak obsesiboki behin da berriz gogoratu ditut eta bai, negar egin dut, eta asko. Zein erreza den esatea “nire laguna erasotzailea bada komunikatu iezadazu” baina zein zaila den hori deskubritzea eta kudeatzea.

21 urte nituen nire lagun aliatu marxista, feminista eta filosofiako ikaslea zena bere neska jipoitzen zuela deskubritu nuenean. Hau ez zen eraikita nuen erasotzailea, hau nire kideetako bat zen. Ez, ez zen erreza izan baina 21 urterekin bere aurkako probak epaiketa batean aurkeztu nituen. Nire lagunak, aliatuak, honakoa esan zidan: “gizartea matxista da eta badakit ez dutela sinistuko”, hala izan zen. Lazgarria izan zen, oso.

23 urte nituen, bi militantzia kideren aurkako komunikatuak irakurri nituenean, horietako bat 5 orrialdeetakoa zen. Hauek urte berdinean izan ziren, 6 hilabeteko diferentzian, ez ziren nire lagunak, kideak baizik, dena den, mina egin zuen, erakundea ez ezik nire militantzia ere zalantzan jarri nituen.

26 urte nituen kongresu politiko batean, nire lagun baten deia jaso nuenean, hark nire oso gertuko pertsona baten jarrerak salatzeko deitu zidan. Antsietate krisi bat izan nuen, ezin nuen airerik hartu, kongresuan zegoen lagun batek eskutik hartu eta handik atera ninduen. Gazteleraz esaten den bezala, “le debo la vida”. Bizitzan izan dudan pasarte desatseginetako bat izan zen.

Oraingoan 29 urte ditut eta beste inguruko kasu baten berri izan dugu. Agian oraingoan arlo pertsonalean ez da hain gogorra izan, baina amorrua, tristura eta inponentzia pil-pilean ditut, zuetako askoren antzera.

Honekin guztiarekin zera esan nahi dut, erasotzaileak ez dute adarrik ez buztanik, erasotzaileak gure inguruan daude, eta askotan, gure lagunak, gure kideak, gure senideak zein gure maitaleak dira. Seguraski bizitzan izan ditudan pasarte txarrenetakoak hauek izan dira, urteak pasa diren arren gogorra izaten jarraitzen du. Dena den hamaika aldiz eskertuta egongo naiz ahotsa altxatu zuten emakumeei eta nola ez, suntsiketa prozesu bakoitzean hor egon diren sareei.

Eraso guztiak ez dira berdinak izan, hauek ezin ditugu kutxa berdinean sartu, eta nola ez, ezin diegu tratamendu berdina eman. Batzuetan sorpresa izan dut, besteetan ez hainbeste.

Gaurkoan nire barneak azaleratu ditut, baina argi izan guztiok ditugula inguruan erasotzaileak, has gaitezen kontzientzia hartzen, honi erremedioak jartzen eta gure inguruak aztertzen.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.