2025-01-09 19:14
Egiaztatuko balitz arduradun berriak ez dituela betetzen lanpostuak eskatzen dituen hizkuntza irizpideak, izendapen hori atzera botatzea eskatu dute; baita beste hautaketa bat egitea ere, arduradun berriak postuaren eskakizun guztiak bete ditzan.

EITBko ELAko delegatuek kezka adierazi dute ardura postu baterako egin berri den izendapen baten inguruan. Izan ere, publikoki salatu da Nagore de los Ríos eitb.eus eta Social Mediako zuzendari berriak ez duela betetzen lanpostuak eskatzen duen hizkuntza eskakizuna.

Gauzak horrela, hautaketa prozesua berrikustea eskatu diote zuzendaritzari, idatzi batean. Arduradun berriak irizpideak ez dituela betetzen baieztatuko balitz, izendapen hori berehala atzera botatzea eta beste hautaketa bat egitea eskatu dute, arduradun berriak lanpostuaren eskakizun guztiak bete ditzan.

Gauza bera eskatu dute 2024an izan diren izendapen guztietarako: hautaketa prozesuak berraztertzea eta eskakizunak betetzen ez badituzte neurriak hartzea.

Bide beretik, azterketa horren emaitza eta, kasuan, dagozkion neurriak langile batzordeari eta Administrazio Kontseiluari jakinaraztea eskatu dute.

“Ezinbestekoa da hautaketa prozesu guztiak gardentasunez eta berdintasunez egitea eta hautatutako pertsonek postuaren eskakizun guztiak betetzea”, azpimarratu dute, batez ere, nabarmendu dute, barne prozesuen gaineko konfiantza ez urratzeko, “are gehiago, oraintsu behin-behineko langileek euren postuak egonkortzeko prozesu zorrotzak gainditu behar izan dituztenean”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.