2025-01-13 10:52
ELAk Vocento taldeak aurkeztu duen Enplegu Erregulazio Espedientearen aurkako demanda jarri du. Espediente horren bidez, Vocento taldeak COMECO Gráfico Norte enpresako 57 langile kaleratu ditu. COMECOko langileek 66 egun daramatzate greba mugagabean, enplegua eta errotatibaren bideragarritasuna defendatzeko. Vocento Taldeak El Correo, El Diario Vasco edo Mundo Deportivo bezalako egunkariak inprimatzen ditu errotatiba honetan.

ELAk uste du Vocentoren erabaki honen asmoa lan kargak eta enplegua taldeko beste enpresa batzuetara deslokalizatzea dela; hori ez da soilik bidegabea, legez kanpokoa ere bada. Aurrekoarekin bat etorriz, ELAk defentsa juridiko eta sindikala planteatu du, langileen eskubideen aurkako eraso argi gisa ulertzen duenaren aurka.

ELAk egiaztatu du kontsulta-aldian enpresak ezin izan duela behar bezala justifikatu neurri traumatiko honen arrazoia. Gainera, sindikatuak egiaztatu du enpresa-talde horrek sistematikoki urratu duela langileen grebarako eskubidea.

ELAk enpresari eskatu dio berriz azter dezala kaleratzeko erabakia eta ados dadila enplegua eta errotatibaren bideragarritasuna bermatuko dituen negoziazioarekin, kaleratze traumatikorik gabe. Horrela bakarrik amaituko da lan gatazka.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.