Bizkaiko Uberreko gidariak greban daude abenduaren 11tik eta amaiera urtarrilaren 6rako aurreikusita zegoen arren, ELAk urtarrilaren 31ra arte luzatu du jardunaldia. Nominetan akatsak, ibilgailuen egoera kaskarra eta lan egindako ordu guztiak ez dizkietela ordaintzen salatzen dute langileek.
Bizkaian, Ares Capital enpresak kudeatzen du Uber, Moove Cars-en parte dena aldi berean. Plantilla osatzen dute 200 langilek baino gehiagok eta aldarrikapen nagusiak dira soldata handitzea (benetako lanorduak zenbatzea), oporrak behar dutenaren arabera eskatu ahal izatea, nominak aldatzea ulergarriagoak izan daitezen, ibilgailuetan segurtasun handiagoa izatea (bai langileentzat, bai erabiltzaileentzat), autoak enpresaren instalazioetan aparkatu ahal izatea eta gaueko eta jaiegunetako plusak finkatzea.
ELAk salatu du Uberreko gidarien jarduna urteko 365 egunetakoa dela, egunean 24 orduz, astelehenetik igandera, jaiegunetan, egunez eta gauez. Gainera, lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen dute. Horregatik, Uber kudeatzen duten enpresei benetako negoziazio bat eskatzen die gatazka konpontzeko. ELAk gogorarazi du Uberrek irabazi milioidunak izan dituela azken urteetan, eta hazten jarraitzeko iragarpena duela.