ELAk bat egin du Sare Herritarrak datorren larunbatean euskal preso politikoen eskubideen alde eta gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidearen alde egingo duen manifestazioan parte hartzeko deialdiarekin. Sare Herritarrak adierazten duen bezala, “ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko eta bidezko irteera ematea eta, aldi berean, gure herrian jasandako indarkeria guztien biktima guztientzako bidezko tratamendua lortzea”.
Giza eskubideen aldeko errebindikazio honek erakusten du, Sare Herritarrak gaineratu duenez, “hamarkada askotako konfrontazio eta sufrimenduaren ondorio guztiak zigilatzeko garaia da, eta uste dugu euskal gizartea legitimatuta dagoela estamentu politiko eta judizialei lan horretan parte har dezaten eskatzeko”.
Mitxel Lakuntza ELAren idazkari nagusiak hartuko du hitza, arratsaldeko 16:30ean, manifestazioa hasi aurretik, La Casillako kioskoan, beste eragileekin batera.