ELAk sindikatu feminista izateko mugarria jarri du bere gain eta gaur aurkeztutako Genero Plan Estrategikoa helburu horretarako zutabe izateko asmoa du. “Genero alorretik abiatutako ekimen honen dimentsio eta garrantzi politikoa genero alorretik askoz haratago doa. Sindikatu guztia buztitzen du goitik behera. Ez da kontu sektorial edo partzial bat”, adierazi du aurkezpenean Jone Bengoetxeak ELAko Genero alorreko kideak.
Ondoren, Leire Txakartegi ELAko Batzorde Eragileko antolakuntza arduradunak azaldu du sindikatua bera auzitan jarri behar dela benetan aldaketak bultzatzeko eta sakoneko erabaki politikoak hartzeko. Horregatik, Genero ekitaterako antolakuntza aldaketa prozesuaren berezitasun nagusi bat lan metodologia izan da. Izan ere, sindikatuko esperientzien aniztasuna jaso eta kargu desberdinak dituzten pertsonak elkartu ditu. Eta horri esker maila pertsonalean zein kolektiboan aldaketak eragiten hasi da. Azken batean, diagnostiko erreala osatu, eta bideak urratzeko mekanismoak martxan jartzea baitakar.
Bestalde, Mirari Irure ELAko Kudeaketa Sistema eta Genero Ekitaterako Plan estrategikoaren koordinatzaileak txostena beraren lau ardatz nagusiak aurkeztu ditu: Eskubideen ardatza, Prestakuntzarena, Gizarte Eredua eta Genero Arkitektura. Arkitekturaren ardatzak zehazki plana nola hedatuko den zehazten du, alde batetik, eta bestetik, organizazio osoaren erantzunkidetasuna mahai gainean jartzen du. Koordinazio egitura berriak, komunikazio-fluxuak, harremanak eta denbora birbanaketak dakartza. Era berean, ardatz bakoitzeko esparru desberdinek estrategia eta helburu propioak dituzte.
Aliantzek ere pisu garrantzitsua izango dute Genero Planean konpromiso bikoitza bere egiteko; alde batetik, ELAn agenda feminista barneratzea, eta bestetik, ELAk agenda feministan eragitea. Natalia Navarro Genero Ekitaterako Planifikazio Estrategikoan aditua eta Oreka Sarearekin batera ELAko barne prozesuan buru belarri egon da aholkulari gisa, eta nabarmendu du ELAk ezarritako jakintza kolektiboaren eraikuntza sortzeko eta hori egiteko ahalbideratuko diren baliabideen konpromisoa.
Azkenik, Ane Zelaia ELAko Batzorde eragileko kideak eta horren baitan Sindikalizazioa, Planifikazioa eta Genero Ekitaterako Plan estrategikoaren egungo arduradunak azpimarratu du sindikatuaren ildo guztiei eragingo diola. “Sindikatu feministagoa gara, honek ez dauka atzera bueltarik. Bidearen planoak diseinatu dizkiguzue, eta ilusio handiarekin hartzen dugu testigua bidea eraikitzen hasteko”.