ELAk Enplegu Zentru Berezien EAEko lehen hitzarmen sektoriala negoziatzen hasteko bigarren bilera izan du gaur Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan. Bileran LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuez gain, Berezilan patronala eta FEACEM, Espainako Enplegu Bereziko Elkarteen Federazioa azaldu dira. Azken honetan, EAEko Enplegu irabazi asmorik gabeko enpresek parte hartzen dute.
Berezilanek adierazi du ez duela ordezkaritza nahikorik negoziaketa abiatzeko. Bestalde, FEACEMek esan du, nahikoa dela Estatu hitzarmenarekin, EAE mailako hitzarmen bat arazo izan daitekeela eta, ondorioz, ez dutela inolako asmorik mahai berri bat irekitzeko.
EAEko irabazi asmorik gabeko enplegu zentru bereziak, bere aldetik, behin eta berriro kexatu dira iruzur bidez estatuko enpresak etortzen ari direla eta estatuko hitzarmenaren bidez lan-baldintzak debaluatu eta lehia desleiala egiten dutela, baina hori landu beharrean, arautzeko aukerari uko egin diote milaka langile miseriazko soldatetara kondenatuz.
Enpresa-erakundeek negoziatzeari uko egin diotenez, ELAk Confebask deituko du erakunde legitimo gisa mahaia eratzera.
Enplegu Zentru Berezietan 13.000 bat lagunek lan egiten dute; gehienak desgaitasunen bat duten pertsonak dira, eta lanean aritzeko aukera bakanak dauzkate lantoki hauetan. ELAren ustez, bada garaia langile hauek ere merezi duten aitorpenarekin batera, bizitza oso eta autonoma izateko lan-baldintzak izateko.
Helburu horrekin, ELAk sektoreko lehen hitzarmena negoziatzea aukera egokia bezala ikusten du, enpresen eta administrazioen inplikazioarekin lan munduan aniztasun funtzionalak ere erantzun egokia izan dezan.