Eusko Jaurlaritzak ELAri jakinarazi dio eten egin duela Bizkaiko etxeko laguntzako hitzarmena etxeko langileen sektorera zabaltzeko prozedura, epai bat betetzeke dagoela argudiatuta. ELAk martxoan eskatu zuen hitzarmena kolektibo honetan ere aplikatzea, Langileen Estatutuaren 92. artikuluak ahalbidetzen duen bezala (aukera ematen du lan agintaritzak (EAEn Eusko Jaurlaritzak) indarrean dagoen hitzarmen kolektibo bat hedatzea hitzarmenik ez duen eremu bateko langileei, hitzarmen propio bat negoziatzeko legitimatuta dagoen atalik ez dagoenean). Legezko prozedurari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak abuztuan argitaratu zuen Aldizkari Ofizialean prozedura hasi zela jakinarazteko jakinarazpena, baina eten berri du.
ELAk oso larritzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak uko egitea etxeko langileen lan baldintzak duintzeko urrats eraginkorrak emateari, sektore hori baita prekarizatuenen eta pobretuenen artean dagoena. Arduradun politikoek diote pertsona eta kolektibo behartsuenen alde daudela, baina eguneroko praxia beste norabide batean doa, ELAk salatu duenez. Sindikatuak adierazi du oraingoan etxeko langileen egoera hobetzearen alde daudela erakusteko aukera izan dutela, baina, epai garrantzitsu bat falta dela argudiatuta, uko egin diotela.
2024ko urrian 27.200 pertsona zeuden EAEn etxeko langileen erregimenean alta emanda (horietako 26.200 emakumeak, horietako asko migratuak). Horri gehitu behar zaizkio lanean ari diren eta egoera administratibo irregularrean dauden milaka emakumeak. Etxeko langileen lana, funtsean, zaintza lana da, egindako azterketen arabera, eta gainerako denbora garbiketa lanetan ematen dute. Hori dela eta, ELAk eskatu du etxez etxeko laguntzako hitzarmena langile horiei ere zabaltzea, etxeko laguntzako langileen pareko eginkizunak betetzen baitituzte.
ELAk ez du ontzat eman Eusko Jaurlaritzaren argudioa prozedura eteteko, eta berretsi du etxeko langileei etxez etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmena aplikatzea eskatzen jarraituko duela, eskura dituen bide guztiak agortu arte.