Langile publikoentzako erosteko ahalmenaren beste galera bat onartu du Jaurlaritzak. Izan ere, Madrilgo kongresuan langile publikoen estatuko soldata igoerari buruzko Errege Lege Dekretua onartu aurretik, Eusko Jaurlaritzak % 2ko soldata igoera onartu du gaur Gobernu Kontseiluan bere langile publikoentzat, aldez aurretik Mahai Orokorrerako deialdirik egin gabe (Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea ez du bete, beraz).
Lakuako Gobernuak bere egiten du Madrilgo dekretua, langileek erosteko ahalmena galdu arren eta soldata igoera hemen negoziatzeari uko eginda.
Igoera horrekin, azken hiru urteotan bakarrik, EAEko langile publikoek %6ko eroshalamenaren galera metatu dute, eta azken hamarkadan %20koa.
ELAk, beste sindikatu batzuekin batera, emendakin baten bidez enplegu publikoaren lan baldintzak hemen negoziatzeko aukera negoziatzea proposatu die Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei. Horregatik, ELAk ez du ulertzen Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak alde batera uztea eta Madrilgo sukurtsal soil gisa funtzionatzea, nahiz eta galera horrek ondorioak izan dituen langile publikoengan zein zerbitzu publikoen kalitatean.