2024-09-24 17:37
Sektoreko langile eta egoiliarrek bizi duten egoera prekarioaren emaitza besterik ez da Gasteizko Arabarren adinekoen egoitzan egindako salaketa. Arabako erresidentzien eta etxebizitza komunitarioen sektoreak gatazkan darama 2019. urteaz geroztik.

Aste honetan jaso dugu Arabako hiriburuko Arabarren erresidentziako salaketaren berri. Erresidentzia hori Mondragon talde kooperatibistak kudeatzen du Arabako Foru Aldundiaren oniritziarekin eta babesarekin. Egindako salaketa oso larria da, horri garrantzia kendu gabe, ELAk zera azpimarratu nahi du: egoera hori Arabako zentro geriatrikoetan bizi den egoera jasangaitzaren adibide eta emaitza da.

ELA ez dator bat zenbait komunikabidek egoitza horretako egoera larriaz egiten ari diren tratamenduarekin. Alderdi morbosoak bilatzain gain, sektoreko langile guztiak jarri dituzte jomugan, benetako arazoa ezkutatuta; hau da, bizi duten lan prekarietate onartezina.

Arabako erresidentzien sektorea gatazkan dago 2019tik, lehenik mahaia eratzeko, eta orain langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko. Bitartean, 36 egun daramatzate greban. Denbora horretan guztian, administrazio publikoek eta patronalek negoziaketa oztopatu eta blokeatu dute. Alde batetik, Arabako Foru Aldundiak bultzatu dituelako Arabarren bezalako makrokooperatibisten eredu berri bat, eta sektorearen prekarietatea kronifikatu. Bestetik, Lan Saila de facto grebarako eskubidea galarazten duelako inposatutako gehiegizko gutxieneko zerbitzuekin. Eta patronalek, berriz, UGTrekin eta CCOOrekin sinatutako Estatuko hitzarmen sektoriala aplikatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dutelako.

Bitartean, langileak dira egoera hori pairatzen dutenak: LGSa ozta-ozta gainditzen duten soldatak dituzte, enplegu aniztasuna ia behartzen duten lanaldi partzialen ehuneko handia, ratio onartezinak, familia kontziliazio ezinezkoa, EAEko urteko lanaldi handienetako bat, lan osasunaren prebentzio falta... besteak beste.

ELAk sektoreko plantillen mobilizazioa bultzatzen jarraituko du, denbora honetan guztian egin duen bezala. Baldintza duinek erabiltzaileak hobeto zaintzea esan nahi dutelako.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.