Merkalcalzados Gipuzkoak Donostian duen denda itxi du eta, ondorioz, hiru langile kaleratu ditu eta beste bat beste zentro batera eraman du. ELAk salatu du erabakia ez dagoela justifikatuta, eta ez dela soilik grebalarien aurkako erasoa, haiek presionatzeko eta zigortzeko neurria delako, baizik eta erakusten duela zuzendaritzak ez duela interesik gatazkari benetako irtenbideak eskaintzeko. Zazpi hilabete dira plantillak greba mugagabea hasi zuela hitzarmen duin bat lortzeko.
Langileek lan baldintza duinak eta hitzarmen justu bat eskatzeko hasi zuten greba hau, baina orain arte enpresak ez du modu serio eta arduratsuan negoziatzeko inolako asmorik erakutsi. Aldarrikapen nagusietako bat antzinatasun-plusa ezartzea da. Plus hori konpentsazio ekonomikoa ez ezik, ibilbide profesionala, ahalegina eta esperientzia aitortzea ere bada, eta enpresak orain arte ez du hori aintzat hartu nahi. Gainera, ELAk atsedenerako eskubidea errespetatzen duten ordutegiak aldarrikatzen ditu.
ELAk jarrera immobilista alde batera uzteko eta gatazka hau modu justuan konpontzea ahalbidetuko duten proposamen zehatzak eskaintzeko eskatu dio Mercalcalzadosi. ELAk gogorarazi du grebarekin eta mobilizazioekin aurrera jarraituko duela, lan eskubideak errespetatuko dituen eta langileen etorkizun duina bermatuko duen irtenbide bat lortu arte.
Era berean, ELAk datorren ostegunean, urtarrilaren 23an, 12:30ean Donostiako Katalunia plazan elkarretaratzea egiteko deia egin du, dendaren itxiera salatzeko.