2024-12-20 13:08
ELAk dio mobilizazio moldeek gizartearen atxikimendua bilatu behar dutela, langileak patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren "absentismoaren" aurkako kanpainen jomugan jarri gabe

ELAk salatu du Gasteizko Udalean eta EAEko gartzeletan CCOO, SIPLA eta UGT-ACAIP sindikatuek bultzaturiko mobilizazio moldeak Confesbasken eta Eusko Jaurlaritzaren absentismoaren inguruko diskurtsoa elikatzen ari direla, langileek nahi dutenean lan egiteari uzteko aukera dutela aditzera ematen ari baitira. Sindikatu hauek proposatutako ekimenek bi eragin kaltegarri ditu langileekiko:

• Gatazka bizi duten langileen aurkako jazarpen kanpaina zilegitzen dute. Modu honetan, langile horiek izan ditzaketen aldarrikapen legitimoak ezkutatu eta langile horiekiko neurri diziplinarioak bilakatzen dira eztabaidagaiak.

• Bestetik, instituzioei aitzakia politikoa eskaini diete langile guztien aurkako kontrol mekanismo berriak ezartzeko, beren osasuna behar bezala zaintzeko prebentzio neurrien kaltetan.

ELAk aspalditik salatu du Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak langileen osasunarekiko beren ardurei muzin egin diete. Batzuk lan mundua prekarizatzen ari dira eta besteak enpresari esplotatzaileekiko erabateko konplizitatea erakusten ari dira. Testuinguru horretan kokatu beharra dago “absentismo” moduan ezaguna den fenomenoarekin egiten ari diren kanpaina.

ELAk aldarrikatu du grebarako eskubidea langile guztientzako zabaltzea, eta Eusko Jaurlaritzak azken urteotan ezartzen dituen gehiegizko gutxieneko zerbitzuen bidez areagotzen ari den oinarrizko eskubide horren aurkako erasoaldia amaitzea. ELAk administrazioei exijitzen die ez dezatela langileen aurkako kriminalizazio kanpaina berririk martxan jarri eta bi eremuetan langileen lan baldintzak negoziatzeko benetako borondatea erakutsi dezala.

Gartzelen kasuan, Eusko Jaurlaritzak UGT-ACAIPekin adostu zituen lan baldintzak eskuduntzaren eskualdatzea eman zenean. Horren arabera, Eusko Jaurlaritzak uko egin zion gartzela eredu propio bat eraikitzeari, Euskal Herrian errotutako langileak izateari, presoen gizarteratzea lehenesteari, presoen hizkuntza eskubideak bermatzeari edo lan baldintzak zerbitzu egoki bat ematearekin lotzeari. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak ontzat eman zuen langileek 48 orduko lan txandak izatea hilabeteko lan guztia oso egun gutxitan pilatu zedin, eta hori zerbitzuaren kalitatearen eta langileen osasunaren kaltetan onartu zuten.

Gasteizko udalean ere langile falta estrukturala da eta hainbat zerbitzu eskaini ahal izateko langileak aparteko orduak egitera behartzen dituzte, eta langile falta hau konpontzeko behin-behineko langileak kontratatzea izan da konponbidea, arazoa errotik eutsi beharrean.

Esan bezala, ELAk dei egiten die administrazioei langileen lan-baldintza arazoei errotik heldu diezaieten, langileen kriminalizaziorako kanpaina abiatu beharrean, eta behingoz negoziaziorako borondate erreala erakutsi dezatela, aipatutako gatazkak sakoneko arazo baten erakusle besterik ez baitira.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.