2024-06-24 16:10
ELAkide batzuk Europako Kazetarien Federazioak deitutako elkarretaratzean parte hartuko dute asteazkenean, hilak 26.

Hainbat lagunek parte hartuko dute ELAren ordezkari gisa Pablo Gonzalez euskal kazetariaren askapena eskatzeko Madrilen egingo den kontzentrazioan, Kazetarien Europako Federazioak deituta. Mobilizazio hori Poloniako kontsuletxearen aurrean egingo da (Goya kalea, 15), eta Estatu osoko sindikatuek eta kazetarien elkarteek bat egin dute harekin.

Gogoratuko denez, Pablo González Yagüek bi urte eta lau hilabete daramatza Poloniako (Europar Batasuneko herrialde bat) espetxe batean preso, inolako akusazio judizial formalik gabe eta badaezpadako espetxealdian, isolamenduaren astungarriarekin. Bi urte eta lau hilabeteko espetxealdian, bikotekideak hiru aldiz bakarrik bisitatu ahal izan du. Egoera onartezina, bidegabea eta oinarrizko edozein eskubide humanitarioren aurkakoa da, batez ere EBko herrialde batean.

Horregatik guztiagatik, ELAk Poloniako Gobernuari eskatzen dio Pablo González lehenbailehen aska dezala eta Espainiako Estatura itzul dadila, eta elkartasuna adierazten die haren familiari eta hurbilenekoei. Halaber, Pablo Gonzalezen eskubideen defentsan Espainiako agintarien jarrera askoz ere irmoagoa eskatzen du ELAk.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.