ELAk elkarretaratzea egin du gaur goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, aspaldiko lan istripu larriena salatu eta alderdi politikoei lan ezbeharren aurrean premiazko neurri eraginkorrak eskatzeko.
Atzo goizaldean lau pertsona hil ziren Fiteron (Nafarroa), bi kamioik talka eginda. Horren aurrean, ELAk elkartasun eta babes mezua bidali die biktimen senide eta hurbilekoei, eta gertatutakoa nahiz egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko beharrezko ikerketak egitea eskatu du.
Sindikatuak gogorarazi du aurten 10 pertsona hil direla Nafarroan lan-istripuz, horietatik erdiak garraiolariak. ELAren arabera, hori ez da kasualitatea, sektorean nagusi den desarautzearen eta eskubide-faltaren ondorioa baizik. Izan ere, gidariek etengabe egin behar izaten diete aurre lanaldi amaigabeei, erritmo handiei eta atseden-gabeziari, eta faktore horiek guztiek zuzeneko lotura dute ezbehar mota honekin.
Era berean, ELAk ohartarazi du ezbehar-tasek oraindik ere markak hausten dituztela Nafarroan. Gaur egun, astero pertsona bat hiltzen da bere lanpostuan, eta, hala ere, ez da ezer aldatzen. Patronalak absentismoari buruzko diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du, eta Nafarroako Gobernuak milioika euro esleitzen dizkie oraindik CEN, UGT eta CCOO sindikatuei Enplegu Planaren bidez, nahiz eta azken hamarkadan neurri mota hori ez den guztiz eraginkorra laneko ezbehar-tasaren hazkundea geldiarazteko. Onartezina da.
Hori dela eta, ELAk alderdi politikoei eskatu die elkarrizketa sozialaren politikekin behingoz hautsi eta lanean heriotzak murrizteko neurri eraginkorrak hartzeko, baliabide horiek kontrol-bitartekoak areagotzeko esleituz, eta erabat kolapsatutako lan-ikuskaritza 45 pertsonara arte indartuz, horrela Europar Batasunak gomendatutako batez besteko ratioa berdinduz.