2024-07-23 14:05
Gaur bigarren bilera egin da Gipuzkoako salgaien errepideko garraioaren hitzarmena negoziatzeko, inolako aurrerapenik gabe. ELAk salatu du GUITRANS patronalak msieria baldintzetara kondenatu nahi dituela sektoreko langileak, Estatuko Garraio Akordioan oinarritutako negoziazioa lehenesten duelako.

Gipuzkoako salgaien errepideko garraioaren sektoreko patronalak (GUITRANS) bere proposamena aurkeztu dio sindikatu plataformari bigarren bilera egunean, hitzarmen berriaren negoziazioaren testuinguruan. Hamabost urtez Hitzarmenaren edukia eguneratu eta hobetu gabe egon ondoren, GUITRANSek negoziazioa Estatuko II. Esparru Akordioan ezarritakoaren arabera egitea planteatu du, hau da, sektoreko langile gipuzkoarren lan-baldintzek Madrilen adostutakoaren gainean erabaki eta ezartzea planteatzen du. Berriro ere, UGTk, CCOOk eta Estatuko Patronalak Madrilen negoziatzea aitzakitzat jarri du patronalak, Gipuzkoako negoziazioa baldintzatzen eta mugatzen saiatzeko.

ELAk salatu du GUITRANSek ez duela negoziatzeko borondaterik, Madrilen adostutako eta hitzartutako arauak lehenesten dituelako. ELAk exijitu dio hurrengo bilerarako argi dezala zein diren zehazki proposatzen dituen lan baldintzak. Jarrera aldaketarik egon ezean, ELAk mobilizazioaren eta borrokaren aldeko jarrera berretsi du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.