ELAk errefusatu egin du CCOOk eta UGTk Arabako eraikuntzako hitzarmena berritzeko SEA patronalarekin erdietsi duten aurreakordioa, horrek ez duelako bermatzen KPIari lotutako soldata igoerarik, eta horrek erosahalmena galtzea dakarrelako. Era berean, ez da antzinatasuna berreskuratuko. Sektorean 7.000 pertsona inguruk egiten dute lan.
Akordioak % 2ko soldata igoera itxi du 2024rako, % 3koa 2025erako eta % 3koa 2026rako, 2027an KPIak eguneratuta, atzeraeraginik gabe. ELAk deitoratu du, beste behin, KPI eguneratzeko formula erabiltzen dutela hitzarmenaren amaieran, atzeraeraginik gabe: aurreko hitzarmenean erabili zuten formula, eta sektore horretako langileek % 10,05eko galera izan dute formula horrekin.
Era berean, sindikatuak ziurtatu du adostutako gainerako edukia ez dela positiboa; izan ere, soldata igoerez gain, ez da inolako neurririk adostu eraikuntzaren sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko: sektore prekarioa da eta lan istripu ugari gertatzen dira sektore horretan.
Gauzak horrela, ELAk lanean jarraituko du sektorean lan baldintza onak bermatuko dituen akordioa lortzeko eta behingoz prekaritatearekin amaitzeko.