2024-08-02 09:34
Geltokiko agente batek jasandako erasoak agerian uzten du ez dagoela giza baliabiderik eta baliabide publikorik zerbitzua eta segurtasuna bermatzeko.

ELAk abuztuaren 14rako ordubeteko lanuzte partziala deitzea erabaki du EuskoTreneko langile batek jasandako erasoaren ondorioz. Uztailaren 27an, Uribarrin zerbitzuak ematen dituen geltokiko agente batek erabiltzaile bat trenean sartzean izandako gorabehera bat kudeatu zuen. Trenean sartu nahi zuen erabiltzaileak txartelik ez zuenez, agenteak txartela erosteko beharra adierazi zion. Erabiltzaileak iraindu egin eta ukabilkada bat eman zion langileari, eta, ondorioz, Ertzaintzak esku hartu zuen.

ELAk azken urteotan salatu du garraio publikoko langileen aurkako erasoak ugaritu egin direla, erasoak gero eta larriagoak direla eta langile horiek tratu iraingarria jasaten dutela. ELAk administrazioei eskatu die benetako neurriak har ditzatela, geltokietan eta hainbat zerbitzu publikok bat egiten duten tokietan giza baliabideak handitu daitezen, eta, horrez gain, baliabide teknologikoak eman diezazkietela langileei, egoera horiek gertatuz gero babesa eta arreta senti dezaten. Garraio publikoa ematen duten enpresek eta sozietateek, aldiz, ez dituzte giza baliabideak handitu eta ez dute inolako neurririk ezarri.

Egoera horretan eta erasoak behin eta berriz gertatzen direnean. ELAk lanuzte partziala deitu du, egoera agerian uzteko eta salatzeko. Horregatik guztiagatik, EAEn EuskoTreni zerbitzua ematen dioten 1.300 pertsona baino gehiago (trena, Bilboko eta Gasteizko tranbia, Bizkaibus, Lurraldebus eta La Reinetako funikularra) greba partziala egitera deituta daude abuztuaren 14an (11:00etatik 12:00etara).

Elkarretaratzeak egingo dira 11:30ean Bilbon (Zazpi Kaleetako geltokia, San Nikolas plaza, 2) eta Donostian (Easo kalea, 9).

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.