2025-03-10 13:43
EAEko administrazioei eskatu die negoziazioan inplikatzeko; izan ere, enpresek ez dute borondaterik erakutsi.

Bilboko Guggenheim museoaren aurrean egindako elkarretaratzean, ELAk EAEko administrazio publikoei eskatu die negoziatu dezatela lehen hitzarmen sektoriala dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat. Izan ere, enplegu zentro bereziek ez dute negoziatzeko borondaterik, eta normalean mota horretako zentroetan lan egitera behartuta ikusten dute euren burua. Dagoeneko bi bileratan hasi da hitzarmena negoziatzen, baina patronalek uko egin diote negoziazio-mahaia eratzeari. ELA, % 40 inguruko ordezkaritzarekin, mobilizatzeko prest dago, lan-baldintzak hobetzeko.

Desgaitasuna duten pertsona askok, 13.000 inguru, enplegu zentro berezietan lan egiten dute; Lanbide Arteko Gutxieneko soldataren inguruko diru sarrerak dituzte, beraz, ezin dute bizitza autonomoa izan. ELAk gogorarazi du administrazioen betebeharra dela langile horiek, batez ere, enpresa arruntetan lan egin ahal izatea, eta enplegu zentro berezietan lan egin behar badute, behintzat izan dadila aldi baterako soilik. Tamalez, sindikatuak deitoratu du kasu gehienetan pertsona horientzat lan aukera bakarrak enplegu zentro bereziak izaten direla.

Irabazi asmorik gabeko Enplegu Zentro Bereziez gain, gero eta gehiago dira sektorean etekinak izateko asmoz sortu diren enpresak. ELAk salatu du enpresa horien helburua ez dela desgaitasuna duten pertsonak lan-merkatu arruntean integratzea, baizik eta "etekinak metatzea lan-baldintza miserableak eskainiz eta diru laguntza publikoak jasoz". Zenbait kasutan, enpresa horiek administrazioen kontratuak jasotzen dituztela azpimarratu du.

Ondorioz, sindikatuak dio premiazkoa dela sektorea arautzea eta sektoreko hitzarmen bat lortzea. ELAk uste du badela garaia sektore honetan lan egiten duten 13.000 langileen bizi-baldintzak hobetzeko, enpresen eta administrazioen inplikazio zuzenaren bidez.

Azpimarratu du administrazioak behartuta daudela pertsona horiek enpresa arruntetan lan egin ahal izateko baldintzak sortzera, eta, bitartean, beste edozein langileren gutxieneko lan eta bizi baldintzak izan ditzaten laguntzera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.