2025-04-25 11:56
Apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, ELAk ekitaldi bat egingo du Bilboko Bizkaia Aretoan, lan istripuak eta lanbide gaixotasunak giza ikuspegitik aztertzeko. Horretarako, hiru langilek hitz egingo dute lehen pertsonan.

Laneko segurtasun eta osasunaren nazioarteko egunean, ELAk giza ikuspegitik aztertuko ditu laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak. Sindikatuak adierazi duenez, gobernuek, eta bereziki enpresek, lanaren ondorioz jasaten dituzten istripu eta gaixotasunen erantzule egin nahi dute langile klasea, fokua gai ekonomikoan jarriz eta modu kontzientean baztertuz gaixotasun profesional batek edo lan istripu batek pertsona kaltetuarentzat eta bere ingurunearentzat eragin dezakeen inpaktu fisiko, mental eta soziala.

2024an, gutxienez 66 pertsona hil ziren Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Beste 64.040k istripua izan zuten eta 4.902 gaixotu egin ziren lanean. ELAk apirilaren 28ko ekitaldian gogorarazi nahi du estatistiketan agertzen diren zenbakien atzean Jakes, Iratxe eta Sara bezalako langileen errealitatea ezkutatzen dela:

Jakes-ek 2021. urtean lan istripu oso larri bat izan zuen Idiazabalgo (Gipuzkoa) Lau Lagun enpresan lanean ari zela. Orduan 35 urte zituen, eta hanka galdu zuen. Istripua hainbat faktoreren eraginez gertatu zen: langilearen formazio falta prebentzio gaietan, laneko prozedura desegokia eta enpresak aurrez antzeman ez zuen laneko ekipoaren akats elektronikoa, besteak beste.

Sarak Burlatako (Nafarroa) Mercadonaren dendan egiten du lan. Bere dendako koordinatzailearekin arazo ugari izan zituen: Laneko ikuskariak errekonozitu zuen egoera hostila eta humiliagarria bizi zutela koordinatzailearen partetik eta eurekiko ekintza laidogarriak eta larderiazkoak zituela, euren erresistentzia psikologikoa gutxitze aldera. Honen aurrean neurriak hartu ez izanagatik isuna jarri zitzaion enpresari.

Iratxek 2015 urtean istripu bat izan zuen Leroy Merlin enpresan lan egiten zuela. Eskuzko traspaleta batekin zama eta altuera handiko karga bat mugitzen ari zela izan zuen istripua eta belaunean lesio larriak eragin zizkion. Garrantzitsua da aipatzea lan horren arriskuen ebaluaketa ez zegoela eginda; beste modu batera esanda: lanpostuaren arriskuen ebaluaketak ez zuen ez lana bera, ez istripua izan zuen tokia ezta arriskua bera ere aurreikusten. Horri gehitu behar zaio langilea bakarrik lanean ari zela aurrez zehaztu gabe zegoen lan bat egiten.

ELAk salatu du enpresek ez dutela interesik ez eta eraginkortasunik prebentzioaren arloan, eta hori funtsezkoa dela istripuak eta gaixotasunak saihesteko. Enpresek laneko arriskuen prebentzioa kostu bat gehiago bezala ikusten dute, ez betebehar arauemaile bezala eta are gutxiago babesteko konpromiso moral bezala, kritikatu du. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontu-zuzkidura ez da nahikoa araudia betetzen dela kontrolatzeko eta bermatzeko. ELAk nabarmendu Europako bataz bestekoarekin alderatuta, EAEn ikuskaritzako teknikarien erdia baino gutxiago dagoela.

Era berean, ELAk adierazi du patronalak eta gobernuek garatzen dituzten politikak direla laneko istripuen benetako erantzuleak. Zuzenean edo zeharka, ehunka langileren istripuak eta gaixotasunak eragiten dituzte, ikuskapenetara eta araudia betetzera baliabide nahikorik bideratzen ez dutelako. ELAk Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna salatzen jarraituko du enpresetako kontrol-mailak handitu arte; horretarako, ezinbestekoa da lan-ikuskaritzako langileen kopurua handitzea Europako batez bestekoarekin parekatzeko: EAEn, egungo egitura bikoiztu egin beharko litzateke, 120 arte, eta Nafarroan hirukoiztu, 45 arte.

Bitartean, komunikabideek eta Confebaskeko presidenteak “absentismo tasa altuak” aipatu dituzte gure lurraldean, “enpresentzako arazoa”, diotenez. ELAren ustez, langile klasearen aurkako kriminalizazio kanpaina bat da. Gobernuek eta bereziki enpresek langile klaseari leporatu nahi diote lanaren ondorioz jasaten dituen istripu eta gaixotasunen erantzukizuna.

Egoera hau salatzeko eta langileen testigantzak entzuteko, apirilaren 28an ELAk ekitaldi bat egingo du Bilboko Bizkaia Aretoan, goizeko 10etatik aurrera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.