2024-08-29 14:31
Mahai Sektorialean Gobernuak proposatutakoak ez du konponduko ikastetxeek duten egiturazko arazoa

Hezkuntza Departamentuak ekainean esan zuen 2024-25 ikasturtean plantillak indartuko zituela, “1.000 ordu gehiagorekin, hau da, 40 irakasle gehiagorekin”. Propagandaren aurrean, datuak zehatzago aztertzea komeni dela uste du ELAk.

Hasteko, 1.000 ordu horiek ez dira 38,5 irakaslera iristen; beraz, 40ko datua okerra da. Zatiketa egitean 2 eramaten dituzte, baina ez dakigu nora. Kalkulu azkar bat eginez, grosso modo, 40 irakasle 75.000 ikaslerentzat, 0,0005era ateratzen da ikasle bakoitzarentzat, hau da, 0,01 irakasle gehiago gela bakoitzeko batez beste. Ikastetxe bakoitzerako beste irakasle baterako ere ez litzateke iritsiko.

Hezkuntza Departamentuak, egungo arazoa arinduko ez duen neurri hori planteatu ondoren, sindikatuok proposatutako ordu horiek zein ikastetxetara joan behar duten baloratzea nahi izan du. ELAk erabat baztertu du nahikoa ez den proposamen bat negoziatzen hastea. Sindikatuak ez dio zilegitasunik emango neurriari, eta ez du lagunduko larrialdi araberako banaketa moduko bat egiten, behar larrienak artatzeko eta beste batzuk alde batera uzteko. ELAren ustez, negoziatzen hasteak Departamentuak bere kasa hartutako erabaki bati balioa ematea ekarriko luke, eta hau benetako negoziazio kolektiboa desagerraraztea izango litzateke.
ELA beti egongo da inbertsioa handitzearen alde, baina horrek serioa izan behar du, sektore osoaren benetako beharrei erantzungo diena eta denboran zehar bermatzeko beharrezkoak diren aurrekontu- eta arau-babesarekin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.