Urtarrilaren 8an, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Herri Ekimen Legegile (HEL) bana erregistratu zuten Eusko Legebiltzarrean zein Nafarroako Parlamentuan. Sindikatu guztien artean erdietsitako akordio horren baitan, gaur ELAk Lanbidearteko Akordio baterako eskaera luzatu die Confebask eta CEN patronalei, EAEn eta Nafarroan Gutxieneko Soldata propioa adostu dadin.
Abiapuntu ezberdinak izanik, Herri Ekimen Legegilea eta Lanbidearteko Akordioa ekimen osagarriak gerta daitezke, HELak sortutako atxikipenak patronalak lanbidearteko akordio bat adosteko presionatzen baitu eta lanbidearteko akordio baten negoziaketak legezko aldaketak eman daitezen lagun baitezake.
INEren azken datuen arabera, EAEko biztanleko Barne Produktu Gordina 39.547 eurokoa da eta Nafarroakoa 37.088 eurokoa; Estatukoa, berriz, 30.968 eurokoa da. Era berean, EAEko bataz besteko soldata 32.313,73 eurokoa da eta Nafarroakoa 29.189,52 eurokoa, Estatukoa 26.948,87 eurokoa den bitartean.
Datu hauek argi erakusten dute Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoa ezberdina dela eta Espainiako gutxieneko soldatak ez duela balio aberastasunaren banaketarako tresna gisa, ezta Hego Euskal Herriko prezioen arabera langileak pobreziatik ateratzeko mekanismo moduan. Adibide gisa, Eusko Jaurlaritzak berak onartu zuen 2022ko pobreziari buruzko txostenean EAEn nahikotasunez bizi ahal izateko urtean 19.848 euroko diru-sarrera izatea ezinbestekoa dela, eta Espainiako gutxieneko soldata kopuru horietatik oso urrun kokatzen da (2024an, bi urte ondoren, 15.876 eurokoa izan da eta orain eztabaidatzen ari denaren arabera, eszenatoki baikorrenean 16.576 eurotara igoko da 2025ean).
Esandakoarengatik, Herri Ekimen Legegileek zein Lanbidearteko Akordioek helburu bera dute: Hego Euskal Herriko langileen beharren araberako gutxieneko soldata ezartzea eta, era honetan, aberastasuna banatzeko eta langileak pobreziatik ateratzeko mekanismo eraginkorra bilakatzea.
Azkenik, ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari gutxieneko soldata propio baten alde ekiteko exijitzen die. Gobernuek gutxieneko soldata egoki bat nahi badute patronalak estutu behar dituzte, eta horretarako modu eraginkorrena argi uztea da patronalari lanbidearteko akordioa sinatu ezean gutxieneko soldata hemen arautzearen alde egingo dutela; ondorioz, sindikatuek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileak babestuko dituztela adieraztea. Era berean, gobernuen esku dago bere ardurapeko langileei, zuzenenean kontratutakoei zein azpikontratatutakoei, gutxieneko soldata duin bat eskainiko zaiela bermatzea.