Iruzurraren hasiera
Igor San José, ELAko eraikuntza eta Herri Lanen arduradunak azaldu bezala, Anoetako estadioaren obren lizitazioarekin hasi zen iruzurra. “Benetako kostuaren azpitik egin zen lizitazioa, merke merke”, salatu du. Gogorarazi duenez, 50 milioi euroko aurrekontua ezarri zen obrak egiteko, “erabat irreala den kantitatea, tamaina horretako obra baterako”. ELAk egindako kalkuluen arabera, beti ere, Donostiako antzeko lanetan ezarritako aurrekontuak oinarri hartuta, Anoetaren birmoldaketa lanak egiteko, gitxienez, 70 milioi euro beharko lirateke. Horren aurrean San Josek baieztatu du une horretan piztu zela mesfidantza ELAn: tamaina eta ezaugarri antzekoak dituzten obratan aurrekontua askoz handiagoa bada, nola da posible kasu honetan hain aurrekontu baxua ezartzea? Nori egiten dio mesede horrek?
San Josek baieztatu duenez, erantzuna argia da: Errealak ahalik eta gutxien ordaintzea zen asmoa, jakinda ere ordaintzeko geratuko zen kantitatea (obrak ezinbestean prezio altuagoa duelako) diru publikoarekin ordainduko zela, baita langileen segurtasun eta lan-baldintzen inbertsioa gutxituz, euren osasunaren kaltetan. Hau da, Errealak ordaindu behar zituen 50 milioi horietatik kanpo geratzen den diru kantitatea (ELAren kalkuluen arabera gitxienez beste 20 milioi lirateke) lan prekarietatean sakonduz eta diru publikoa xahutuz ordaindu da.
Errealak diru gutxiago ordaintzeko langileen lan-baldintza eta segurtasunean “aurrezteko prest” daudela argi utzi dute kudeatzaile politikoek: miserian oinarritutako soldatak, lanaldi amaigabeak, iruzurra, dokumentuen faltsutzea... Hauxe da Anoetako birmoldaketa lanetan aritu diren langileen errealitatea.
Lurraldearentzat garrantzia handiko proiektua dela esaten duten bitartean, uko egiten diote lurralde horretako eraikuntzako lan hitzarmena betetzeari; enpresei ez zaie exijitzen berau betetzea. Bertan lan egin duten, eta egun ere lanean diharduten langile gehienek 10, 11 eta 12 ordu ere igaro dituzte lanean, Gipuzkoako Hitzarmen Kolektiboak zehazten duen soldata baino askoz gutxiago (%60 gutxiago) jasoz. Lan ordu bakoitzagatik 5 eta 8 euro artean kobratzen dituzte, beti ere, aparteko ordainsarirako eskubiderik gabe, oporrik gabe, beharrezkoa den kasuetarako kalteordainerako eskubiderik gabe... Eta are larriagoa dena: behargin batek gaixotu eta baja hartzen duenean kaleratzen dute.
Ildo beretik, San Josek azaldu du Anoetako aurrekontuaren iruzurrak langileengan eragindako ondorio kaltegarriez gain, isla duela beste esparru batzuetan ere. Izan ere, eraikuntzako enpresa askoren arteko lehia desleiala gertatzen da. Ondorioa argia da: araudia zintzo betetzen duten enpresa askok itxi beharra daukate, konpetentzia desleialari aurre egin ezinik. Ezin ahaztu ere Errealak ordaintzen ez duen partea diru-kutxa publikoetatik ateratzen dela.
Segurtasuna: hurtsaren hurrengoa
Anoetan izandako lan istripuak ez dira izan kasualitate hutsa, baizik eta prezioak, epe desegokiak eta saldu nahi izan duten irudiaren ondorio zuzena. Merke eta azkar eraiki nahi izan dute, hori bai, langileen lepotik.