2024-07-11 14:07
Murriztu egingo da soldata arrakala foru langileen eta azpikontratatuen artean, eta hobekuntzak daude kontratazioan.

Bizkaiko Foru Aldundiko garbikuntzako 200 langile azpikontrataturi eragiten dien hitzarmena adostu du ELAk. Langile horiek Optima Facility Services enpresarako egiten dute lan, eta akordioari esker ia erdira murriztuko da Aldundiko langileen eta langile horien arteko aldea. Soldatei dagokienez, aurten soldatak % 9,8ko igoerarekin eguneratuko dira tauletan, eta datorren urtetik aurrera 2029ra arte (hitzarmenaren indarraldian), soldatak urtero eguneratuko dira Aldundiko langile propioen igoerarekin gehi % 2,5 hazkundearekin.

Gainera, ELAk sinatu ez zuen aurreko akordio ekonomikoan ez bezala, 2022tik gaur egunera bitartean lan egindako langile guztiek urte horiei dagozkien atzerapenak jasoko dituztela bermatzen da. Era berean, 2030etik aurrera, langileek Aldundiko langileek jasotzen duten igoeraren pareko soldata igoera izango dute gutxienez, eta horretaz gain, soldata igoera handiagoa negoziatzeko aukera izango dute. Nabarmentzekoa da, halaber, lanpostu hutsen sistema berri bat adostu dela, plantillaren partzialtasuna hobetzen laguntzeko. Neurri hori oso garrantzitsua da, ia % 90eko partzialtasuna duelako kolektibo feminizatu honek.

Hobekuntzen artean ere aipatzekoa da urtean zubi bat gehiago izango dutela, urtean 50 ordu ahaideei medikuarengana laguntzeko, mediku espezialistarengana joateko lizentzia mugarik gabeko denborarako, ordaindu gabeko baina kotizatutako astebeteko lizentzia, eta borondatezko eszedentzian lanpostua gordetzea bi urtez. Baita ospitaleratze, heriotza eta ezkontzagatiko lizentzien hobekuntzak ere.

Akordio hori ez zen posible izango kolektibo horrek 2024an egindako greba eta mobilizaziorik gabe.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.