2025-03-10 17:35
Akordioak barne hartzen ditu Udaleko kirol instalazioetako atezainen ia aldarrikapen guztiak. Akordioa lortuta, urtarrilaren 18an hasi zuten greba amaitu dute eta lanera itzuliko dira bihar, martxoak 11.

45 greba egunen ostean, Eibarko Unbe eta Ipuruako kiroldegietako atezainek greba amaierako akordioa sinatu dute. Akordio horrek greba egitera eraman zituzten aldarrikapen ia guztiak jasotzen ditu. Besteak beste, 8 langileek lanean jarraituko dutela bermatu dute eta lana eta bizitza bateragarri egingo duen lan egutegia adostu dute 2025erako. Hurrengo urteetako egutegiek ere ezaugarri berberak izango dituzte.

Udalak ezingo du akordio hau aldebakarrez aldatu; izan ere, langileen gehiengoak dioena errespetatu beharko du. Administrazio publikoan langileen lan baldintzen erabaki gehienak aldebakarrez datozela ikusita, oso positiboki baloratu da puntu hau ere.

Langileek udaleko beste atezainekin konparatuz soldatetan jasaten duten diskriminazioari dagokionez, jarritako helegitearen bidez ELAk epaitegietan borrokatzen jarraituko du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.