2025-04-10 17:54
Sindikatuak Euskal Herria Baterak antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egiten du.

ELAk aurtengo Aberri Eguna ospatuko du ‘Abertzaleon garaia, langileon aukera’ lelopean, eta Euskal Herria Batera plataformak antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egiten du. ELAko Nazio Batzordeak 2025ko Aberri Egunaren adierazpenak onartu du, eta bertan azpimarratzen du “aukera egokia dela kontrabotere izan nahi duen klase-sindikalismo abertzalearekiko konpromisoa berresteko”.

Zentzu honetan, “burujabetza politikoa eta soziala bereizi ezineko bi eremu dira: herri benetan librea da bere marko politikoa erabakitzeaz gain aberastasuna justiziaz banatzen duena eta jende guztiari duintasunez bizitzeko aukera ematen diona. Helburu horiek -jarraitzen du adierazpenak- soilik irits daitezke gehiengo sozial zabalagoak osatuz gero, eta eginkizun horretan milaka lagunen lan militantea da borroka horren aktiborik baliotsuenetakoa. ELAk lanean jarraituko du Euskal Herri solidario, aske, feminista eta euskalduna eraikitzeko, non funtsezko erabakiak ez dituzten eliteek hartuko, eta ez diren kanpotik inposatuko; aitzitik, bere herritarrek definituko dituzte erabaki kolektiboz”.

ELAren adierazpena

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.