Sindikatuon arteko ezberdintasunen gainetik, Hego Euskal Herriko langileentzako soldata propio baten aldeko ibilbidea abiatu dugu, bai Herri Ekimen Legegilea erregistratuta, bai Lanbidearteko Akordio baterako eskaera luzatuta, EAEn zein Nafarroan.
Azken urteetan eskubide sozialen aldeko hainbat ekimen sozial eta sindikal izan dira, besteak beste, pentsio eta soldata duinen alde. 2020ko Greba Orokorrean gutxieneko soldata eta pentsioak izan ziren eragile sozial eta sindikatuon aldarrikapen nagusietako bi. Bost urteren ondoren, lemari berriro heldu diote sindikatuek zein pentsionisten mugimenduak. Horregatik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek bat egiten dute pentsionisten mugimenduak pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko Herri Ekimen Legegilearekin eta sinadurak bilduko dituzte beraiek ere.
Espainiako gutxieneko soldata oso baxua da eta ez dio erantzuten Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoari, ezta langileok hauteskunde sindikaletan zein mobilizazio bidez erakutsi duten borondate berezituari ere. Gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta pobrezia murrizteko tresna izan beharko litzateke, baina Espainiako gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen.
Esaterako, Hego Euskal Herriko antzeko egitura sozioekonomikoa duten herrialdeetan 2024an gutxieneko soldatak askoz altuagoak izan ziren: Alemanian 2.054 eurokoa, Britainia Handian 2.230 eurokoa, Belgikan 2.070 eurokoa, Luxenburgon 2.570 eurokoa, Herbehereetan 2.134 eurokoa, Irlandan 2.134 eurokoa edo Islandian 2.493 eurokoa (urteko 12 ordainsaritan). Onartezina da Hendaiako langileen egungo gutxieneko soldata 1.802 eurokoa izatea eta Irungo langileena 1.303 eurokoa (14 ordainsaritan banatzen den Espainiako LGSren kopurua, 12 hilabetetan banatuta).
Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ez da soilik hitzarmen kolektibo batzuentzako erreferentzia bat, langile guztiei eragiten dien araua baizik. Langile batzuk zuzenean jotzen ditu, soldata baxuenak jasotzen dituztenak (emakumezkoak, pertsona migratuak, gazteak edo aniztasun funtzionala dutenak bereziki), eta beste langileei lagundu egiten die, erreferentzia gisa, soldata guztien gorako tendentzia eragiteko. Ekimen hauen helburua langile guztiei eragitea da, ez gutxi batzuei bakarrik.
Badira hainbat estatu munduan beren barnean gutxieneko soldata ezberdinak dituztenak; hala nola, Indonesia, Kanada, Estatu Batuak, Japonia, Errusia, Brasil edo Alemania. Espainiako Estatuaren deszentralizazioa ez da benetako botere banaketa ariketa bat, are gutxiago lan harremanei dagokionez. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuon ekimena langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta gizarte kohesioa eragiteko burujabetza ariketa da, Hego Euskal Herria bizi baldintza duinen aldeko borrokarako lurraldea izan dadin.
Sindikatuek bi ekimen jarri dituzte martxan, bata bestearen osagarri. Herri Ekimen Legegileak patronalarekiko presioa eragiten du Lanbidearteko Akordioa negoziatu dezan, bestela legezko araugintza etorri baitaiteke. Eta Lanbidearteko Akordioak eskumena eskualdatzeari bidea ireki diezaioke. Sinadura bilketa bera mobilizazio erraldoi bat izan dadila nahi dute sindikatuek, eta etapa bakoitzean beste eragileen erantzunaren arabera, mobilizazio berriak antolatuko dituzte.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek patronalari fede onez negoziatzea exijitzen diote. Instituzioei ekidistantziak alboratzea eta langileen prekaritatea bultzatzen duen patronalari aurre egitea eskatzen diete, eta beren ardura esparruetan administrazioetako langileei eta azpikontratatutako langileei gutxieneko soldata nahikoak bermatzea. Eta, azkenik, alderdi politikoei Herri Ekimen Legegilea babesteko konpromisoa galdatzen diete.
Hego Euskal Herrian sindikatuak gizartearen pobretzearen eta lan-prekaritatearen aurrean mobilizatzeko aukera eskaintzen ari zaizkie, langileen artean ilusio handia sortu dezakeen ekimen sortarekin. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek beren onena emango dute ekimen hau modu arrakastatsuan bukatu dadin eta Euskal Herria kapitalaren diru gosearentzako lurralde oldarkorra izan dadin.