2024-06-28 12:44
ELAk duela gutxi ezagutu ditu martxoaren 5ean Real Sociedadearen estadioaren inguruan Ertzaintzak egin zuen kargan gertaturiko zati bat argitzen duten irudiak, eta gertatutakoa sakon ikertzeko eskatu du. Azken irudiak ikusita, ELAk uste du Segurtasun Sailak bere erantzukizuna asumitu behar duela eta Brigada Mugikorraren ekintzaren inguruko neurriak hartu behar dituela

Pertsona bat zauritu zen, eta irudi horiek ikusita, gertakariak argitzeko bidea ireki behar da, eta Brigada Mugikorraren jokabidearen erantzukizunak argitu behar dira. Irudietan azaldutakoak kalte zuzena eragiten die Ertzaintzari berari eta Ertzaintza osatzen duten pertsonei, erakunde horrek bermatu behar baititu herritar guztion eskubideak. ELAren ustez, onartezina da Segurtasun Sailaren jarrera, zerbitzu egokia bermatzeko gai ez delako, okultismoz jokatzen duelako eta, gainera, biktimari errua egotzi diolako. Sailaren jarduera horrek korporatibismo toxikoari bide ematen dio, eta, horrela, Ertzaintzarekiko gaitzespen soziala bultzatzen da.

Halaber, ELAk elkartasuna adierazi die zaurituari eta haren hurbilekoei. Bestalde, ELAk Hernanitik gertu agertutako mehatxuzko azken pintadak gaitzetsi ditu, ekintza onartezina eta bizikidetzaren oinarrizko printzipioen aurkakoa delako.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.