ELAk Bidelagun Fundazioa sortzea erabaki du, izaera propioarekin, eta enpresek lan osasunean egiten dituzten hausteei modu eraginkorragoan erantzuteko tresna izango da. Amaia Aierbek, ELAko Zerbitzu Juridikoen arduradunak, eta David Penak, Bidelaguneko abokatuak, gaur eskainitako prentsaurrekoan azaldu dute 50 pertsona baino gehiago hiltzen direla urtean lan istripuetan Hego Euskal Herrian; gainera, heriotza horietako bakoitzeko beste 35 heriotza gertatzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz. Kopuru hori onartezina da, eta ez du behar besteko alarma sortzen enpresa munduan. "Argi dago – adierazi dute– enpresak prentzioaz arduratzen hasiko direla istripuak prebentzio neurri horiek baino garestiagoak zaizkienean”.
Helburu horrekin, prestakuntzaren eta kalte ordainen bidez lan osasunean lorpen eraginkorrak lortzea da ELAren xedea Bidelagun Fundazioarekin. Durangon izango du egoitza nagusia, Hego Euskal Herriko kasuei heltzeko.
Bidelagun Fundazioa sortu da ELAk egiaztatu duelako lan osasuneko espezializazioak ahalbideratu duela berrikuntzaren eta bide berrien bidez bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidearen defentsa are eraginkorragoa izatea. Horren adibide dira pandemiako kautelazko neurrien eskaera; silizearen eta amiantoaren aurkako arrakasta juridikoak; edota enpresek arriskuak sortzen dituztenean, istripua eta gaixotasuna gertatu ez izanagatik ere, lortutako prebentziozko kalte ordainak. Kasu garrantzitsu horietako bat da EAEko Auzitegi Nagusiak pandemiaren hasieran Osakidetzaren aurka hartutako kautelazko neurriak (FFP2 eta FPP3 maskarak eta babesteko beste material batzuk berehala eman behar izan zituela agindu zuen), eta hori anbulantzien azpikontratetara ere zabaldu zuen (Ambuiberica auzia). Amiantoaren eta silizearen kasuan, ELAk kalte ordain handiak lortu ditu Mármoles Aztiria, Patricio Echeverria, Sidenor, Fagor Ederlan-Tafalla eta Sunsundeguin lan egin zuten hildako langileen senideentzat, besteak beste. Lan arriskuen prebentzioaren arloko espezializazio eta berrikuntza juridikokoari dagokionez, Imanol Lasa enpresaren (Donostiako Metroan lan egiten duen azpikontrata) aurka lortutako kalte ordaina nabarmendu behar da; izan ere, enpresa horrek 20.000 euro ordaindu behar izan dizkie bere plantillako langileei, euren osasunarentzat arriskutsua den lana egitera behartzeagatik (kasu honetan gehiegizko pisua duten kamioiak gidatzera behartzen zituen, IAT kaltegarria erabiliz).
David Penak azaldu duenez, prebentzioan beste koska bat gehiago egitea lortu dugu, istripua gertatu aurretik zigorrak lortu ditugulako, eta horrek aukera ematen digu disuasiozko kalte ordainak eskatzeko, enpresek serio har dezaten langileen osasuna”. Azken finean, lan osasunean lan eskerga egiteke baitago: Hego Euskal Herrian, urtero, 40.000 pertsonak baja hartzen dute lan istripuengatik, arazo psikosozialak dituzten milaka pertsonez gain. ELAk arlo horretan konpromiso sendoa hartuko du datozen urteotarako (kongresuan berretsi zuenez). Amaia Aierbek ohartarazi du, beraz, prebentzio eta lan osasunari lotutako neurriak hartu ez, eta langileei kalteak eragiten dieten enpresei “garestiago aterako zaiela neurri horiek ez betetzea istripuak izatea baino”.