SEAk egindako proposamenak ez ditu betetzen ELAk Arabako metalgintzarako ezarritako gutxieneko helburuak,ezta gehiengo sindikalarekin adostutakoak ere, honako arrazoi hauengatik:
• Ez da bermatzen KPIa berehala aplikatuko denik eta gainera, sinatu ez genuen 2017ko taulak KPItik behera aktualizatuko dira.
▪ 2018-19-20-21: ez dago igoerarik, 0.
▪ 2022: %6,5
▪ 2023: %3
▪ 2024: %2,5
▪ 2025: %2
• Gainera, igoera horiek metalaren taulei bakarrik aplikatzen zaizkie, beraz, gutxiengo bati. Langile gehien-gehienek ez dute soldata hobekuntzarik izango.
• Ez da jasotzen Mariano Rajoyren erreformarek kontrako ez-aplikatze klausularik.
• ELAk positibotzat jo du lanaldi murrizketarik proposatzea, baina Arabako metalak Hego Euskal Herriko lanaldi handiena izaten jarraituko du desberdintasun handiz.
• Subrogazioa mantentze lanetako kolektiborako eta fibra optikoaren eta telefonikoaren sektorerako txertatzen da, baina ez da gainontzekoei aplikatuko, Gipuzkoako Metalean lortu zen bezala.
Gainera, ez dago neurririk sektoreak pairatzen duen prekaritateari eta soldata arrakalari aurre egiteko, besteak beste. Marra gorria izan den 1.400€ko soldata minimora ere ez da iritsiko.
Sindikatuek abuztua baino lehen deitutako mobilizazioei eta hiru greba egunei esker bultzatu dira negoziazioak. Aste honetarako deitutako hiru egunek ere SEA mugitzera bultzatu dute, baina tamalez ez dute eduki nahikorik sortu. ELAk lanean jarraituko du Arabako metala ez dadin izan Hego Euskal Herriko baldintza txarrenak dituena.