ELArentzat bereziki larria da Gipuzkoako Foru Aldundia bileran agertu ez izana, kontuan hartuta egun berean jakinarazi zuela 5 milioi eurorekin finantzatuko dituela UGTrekin gutxiengoan lortutako akordioa sektoreko langileei aplikatzen dieten egoitzak. "Aldundiak dio ez duela bilerara joan behar ez delako negoziazioaren parte; baina era berean, akordio bat finantzatzen du UGTrekin gutxiengoan, 2017. eta 2018. urteetarako soldatak izozteko, lanaldi partziala daukaten eta prekario dauden langileen %50 baino gehiago mantentzeko eta urteko 6.000 eurotik gorako soldata-arrakala finkatzeko". ELAko ordezkariek baieztatu dutenez, argi erakusten du horrek Aldundiak ondo dakiela bera ere badela gatazkaren parte, baina bere parte hartzea enpresaburuen etekinak handitzera bakarrik bideratu nahi duela.
Gatazkari irtenbidea bilatzeko, ELAko ordezkariak eta greban dauden langileak Gipuzkoako Senideak senide-elkartearekin ere bildu izan dira dagoeneko, eta horiek sektoreak Gipuzkoan bizi duen egoera larria partekatzen dute. Langileek 149 egun daramatzate greban.