Subflubiala EZ! plataformak Lamiakoko ibaipekoaren aurkako manifestaziorako deia egin du
Subflubiala EZ! plataformak manifestazioa antolatu du 2025eko otsailaren 8an, 17:00etan, Bilboko Arriagan, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Lamiakoren ibaipekoaren proiektua erabat gaitzesteko. Deialdiak dagoeneko berrogeita hamar kolektibo baino gehiagoren babesa du, eta horiek protestara batu dira.
Subflubiala EZ! plataformak salatu nahi du proiektu honek ez diela herritarren benetako beharrei erantzuten, eta, gainera, ingurumenean, gizartean eta ekonomian inpaktu larriak eragiten dituela. Hona hemen gure gaitzespenaren arrazoiak:
Ez du laguntzen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten. Ibai azpiko ibilbidea laburragoa bada ere, mota horretako azpiegiturek auto partikularraren erabilera sustatzen duen eskari induzitua sortzen dute. Horrek gas kutsatzaileen emisioak handituko ditu, ibilbide-distantzia txikiagoa izateak ekar ditzakeen onurak deuseztatuz.
Helburu klimatiko ofizialen aurka doa. Proiektuak Foru Aldundiak berak, Eusko Jaurlaritzak, Estatuko Gobernuak eta Europar Batasunak ezarritako mugikortasun jasangarriko helburuak urratzen ditu, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak (IIA) aitortzen duen bezala.
Ez du mugikortasunaren plangintza integralik. IIAren arabera, ez da mugikortasunaren eta garraioaren plangintza integralik egin Bilbo Metropolitarraren eremuan, eta horrek erakusten du ez dagoela ikuspegi estrategikorik herritarren benetako beharrei heltzeko.
Kostu ekonomikoa. Obrak hasi aurretik ere, proiektuaren kostua % 10 baino gehiago handitu da, 450 milioi eurotik 500 milioira pasatuz. Antzeko proiektuen esperientziak, hala nola Supersurrek, hasierako kostua bikoiztu baitzuen, agerian uzten du gainkostu gehigarrien arriskua.
Gizarte-inpaktua, eraginpeko inguruneetan. Tunelen sarreretatik hurbil dauden eremuek zarata, kutsadura eta bibrazioak jasango dituzte obrek irauten duten bitartean, eta ibaipekoa martxan jarri ondoren, kutsadura etengabe areagotuko da. Gainera, Artatzako parkeak, Aldundiak berak Artatza, Pinueta eta Erromoko biztanleentzat lehen mailako birika berdetzat hartzen duenak, eragin larria izango du, eta inguruko ikastetxeetan eta biztanleen bizi-kalitatean ere bai.
Subflubiala EZ! plataformatik dei egiten diegu Bizkaiko herritarrei manifestazio honetara batzeko eta gure ingurumen, gizarte eta ekonomia etorkizuna hipotekatuko duen proiektu baten aurka beren ahotsa altxatzeko.
Otsailaren 8an, 17:00etan, Arriagan ikusiko dugu elkar!
Atxikimenduen zerrenda: labur.eus/ots8