Informazio gehiago: Sagarrak Ekologista Taldea
Gure herrian, Basaurin, inguruko mendietara hurbiltzeko aukera dugu esfortzu handirik egin gabe. Mendi horietako baten hegalak zapaltzen has gintezke kilometro oso bat egin gabe.
Zaratamo eta Arrigorriagarantz begiratzen badugu Upo eta Artanda mendiak dauzkagu. Aperribai edo Galdakaorantz zuzentzen baditugu gure begiak Ganguren ( Haztegia) mendia ikusiko dugu eta begirada Arrigorriaga edo Bilborantz zuzentzen badugu Malmasin eta Montefuerte mendiak topatuko ditugu. Den-denak oso gertu dauzkagu.
Ariz, Basozelai, San Migel, Pozokoetxe, Kareaga auzoetatik ikusita horiek dira gure paisaiaren irudia koformatzen duten mendiak.
Hego-Uribeko udalerriek: Galdakao, Zaratamo, Arrigorriaga, inguratzen gaituztenek eta gure paisaia osatzen dutenek, gure herriak ez bezala, mendi-azalera edo baso-azalera handia dute. Gure ingurura begiratuz gero intsinis pinuaren eta, kopuru txikiagoan, eukaliptoaren landaketek bertako espezieak ordezkatu dituzte eta azalera horren zati handiena hartu dute bere natura, paisaia eta kultura-balioak eraldatuz.
Aurten, jabeek eukalipto sail bat moztu dute Malmasin mendia inguratzen duen 18 hektareako lursail batean. Inguru horretan baso naturala lehengoratzea proposatzeko unea dela uste dugu. Tokiko administrazioek eta diputazio probintzialak planak ezarri beharko dituzte egoera horri buelta emateko eta berreskuratze hori sustatzeko.
Horregatik, Arrigorriagako eta Basauriko udalei eskatuko diegu elkarrekin parte har dezatela Malmasin mendiaren balio naturala eta paisajistikoa berreskuratzeko proposamen honetan.
Merkataritzarako grinaz eta etekin ekonomikoaz haratago, mendiek naturarekin topo egiteko, arnasa hartzeko, aisialdiaz gozatzeko eta espezie autoktonoek urtaroaren arabera eskaintzen dizkiguten kolore sorta ikusteko aukera paregabea ematen digute: berde, hori, okre eta gorrien gama .
Gaur egun errealitatea bestelakoa da. Gure paisaia menderatzen duten berdeak dira pinuen berde iraunkorra, iluna eta tristea, eta eukaliptoen berdea, ahula eta grisa.
Bi berde horiek oso urrun daude bizi garen eskualde atlantiko horietako berezko basoko berde alaietatik. Udaberri guztietan jaiotzen diren hosto berdeak, egunsentitik iluntzera eguzkiaren argiarekin jolasten diren hosto berdeak… eta udaren amaierara hurbiltzen direnak, hosto horiak, okreak, eta kolore gorrikoak, lurrera erortzen direnak haizearekin dantzan. Eroritako hostoak lurrean pausatu eta ongarri bihurtuko dira. Zuhaitzen sustraiek hurrupatutako elikagai honek paisai-margolariaren paleta kolorez beteko du berriro, naturaren zikloari hasiera berri bat emanez.