Guggenheim Urdaibai Stop plataformak zuhur agertu nahi du Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan zabalduko den entzuteko prozesuren aurrean. Agirre Lehendakaria Centerren eskutik eta BFAk eta Eusko Jaurlaritzaren enkarguz datorren prozesua oso berandu eta bermerik gabe iritsi da, eta halaxe jakinarazi diegu zentro horretako arduradunei.
Hausnarketa-prozesu baten ondoren eta zalantza askorekin, zuhurtzia handiz hartuko dugu parte prozesu horretan, eta oso zorrotzak izango gara administrazio kontratatzaileek egin dezaketen instrumentalizazioarekin. Esperientziak erakusten digu Guggenheim proiektuari dagokionez, administrazioek esaten dutena eta egiten dutena ez direla norabide berean joan. Hori egiaztatzeko, Urkullu lehendakari ohiak 2024ko urtarrilaren 22an egindako adierazpenetara joan besterik ez dugu; izan ere, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko bi urteko ustezko hausnarketa-aldi bat iragarri zuen eta ez dute inoiz egin halakorik. Aitzitik, iragarpen hori egin eta urtebetera, nahierara aldatutako lege eta araudiak aurkitu ditzakegu (Kostako legea, HAPOak, LPP…) edo Daliaren eraisketa. Horiek guztiak, proiektua bideragarri izateko beharrezkoak diren ekintzak.
Modu positiboan baloratzen dugu herritarrek euren iritzia eta kezkak adierazteko elkarrizketa-gune bat sortzeko ekimena, baina azpimarratu nahi dugu, halaber, gaur egun publiko egin ez den proiektu bati buruzko iritzia eskatu nahi dela, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena zein den jakin barik.
Orain arte, proiektu hori bultzatu duten administrazioek emandako urrats guztiak aldebakarrekoak izan dira, eta helburu bakarra museoak eraikitzea baino ez. Gure ustez, behin prozesu hori hasita, ezinbesteko baldintza litzateke proiektu horren bideragarritasunarekin lotutako administrazio-prozesu guztiak gelditzea. Era berean, administrazio kontratatzaileek konpromisoa hartu behar dute proiektu hori bertan behera uzteko, Busturialdeko bizilagunek hala eskatzen badute.
Gure ustez, prozesu hau, instrumentalizatzen ez bada, aukera bat izan daiteke gardentasuna eta parte-hartze publikoa sustatzeko erabakiak hartzerakoan; izan ere, erabaki horiek ingurumen-inpaktu atzeraezina izan dezakete eta gure eskualde txiki honetako hainbat eremutan garrantzi handikoak izango dira. Instrumentalizatuz gero, helburu bakarra mugimendu sozial kritikoa desaktibatzea eta herritarrak banatzea izango litzateke, eta une horretan amaitutzat emango genuke gure parte-hartzea prozesuan. Benetan sinesten dugu eztabaida garden batek duen garrantzian, benetako datuetan oinarritutakoa, herritarren eskubideak bermatuko dituena eta gure ingurune naturala errespetatuko duena. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaigu proiektua oso-osorik eta ahalik eta lasterren aurkeztea, bai eta dagokion ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ere.
Plataformatik, herritarrak animatzen ditugu aktiboki parte-hartzera entzuteko prozesu honetan, euren ikuspuntuak eta kezkak adieraziz prozesua aberasteko, eta, horrela, Busturialdeko gehiengo sozialaren eta politikoaren aurkakotasuna jasota gera dadin. Era berean, agintariei eta aholkularitza-enpresako arduradunei eskatzen diegu partaidetzarako eta informaziorako sarbide zuzena berma dezatela, ahots guztien entzute erreala eta eraginkorra sustatuz eta, amaieran, herritarrek erabakitzen dutena errespeta dezatela.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan helbide honetan: komunikazioagus@gmail.com
Busturialdean, 2024ko otsailaren 14an
Guggenheim Urdaibai Stop plataforma