Finantzarizazioa –gehiegizko zorpetzea barne– da Europako ekonomiaren arazo nagusia gaur egun. Analista askok uste dute finantzarizazioak eutsi diola Europako ekonomiari azken hamarkadetan, eta, aldi berean, uste dute prozesu hori azkenetan dagoela.
Ezinbesteko da, jakina, arlo horretan zuhurrak izatea. Gogoratu behar da antzeko itxaropenak orokortu zirela 2008ko finantza-krisia lehertu zenean, baina, hala ere, gure ekonomiak erakutsi zuen gai zela jarduera ekonomikoari beste hamarkada batez eusteko gehiegizko zorpetze horretan oinarrituta. Litekeena da inflazioaren oraingo eztanda presio-eltzea bere gaitasunaren mugara iritsi dela iragartzen duen detonatzailea, abisua izatea.
Nolanahi ere, Europako garapen-ereduaren etorkizunari begira, ezinbestekoa da finantzarizazioaren inguruko gakoak identifikatzea eta, batez ere, identifikatzea zer neurritan gako horiek errepikatu ahal diren ala ez etorkizunean, finantza-desapalankamendurako prozesu baten bidez, XX. mendeko 60ko edo 70eko hamarkadetan –garai neoliberala hasi aurretik– zeudenen antzeko finantzarizazio-mailetan kokatzea lortu duen Europaren testuinguruan kokatuta.
Azterketa hori funtsezkoa da, lehenik eta behin, zehazteko zer neurritan eramango gaituen ala ez finantza-desapalankamendu horrek zorra progresiboki metatzeko beste prozesu batera.
Kontuan hartu beharreko lehen gaia da, teoria ekonomiko batzuek esaten dutena gorabehera, finantzarizazioa ez dela gure ekonomiaren «ustekabeko» prozesu bat, finantza-erakunde handien ustelkeriaren eta finantza-sektorean gero eta arrisku gehiago hartzea ahalbidetu duten arauketa publiko toleranteegien ondorioz sortutakoa. Ustelkeria hori eta gehiegizko tolerantzia hori benetan gertatu dira, baina finantzarizazio-prozesua hain orokortua izan da Mendebaldean eta garai neoliberaleko gobernu eta etapa guztietan, ezen ezinbestekoa baita azaltzea sistemaren egiturazko arrazoietan oinarrituta.
Lehenik eta behin, 70eko hamarkadatik aurrera, zor-gehikuntzaren etengabeko injekziorik gabe dinamismoa berreskuratzeko gai ez zen Europako ekonomiaren egiturazko arazoak konpontzeko bidetzat jo daiteke finantzarizazioa.
Hala ere, lehenago azaldu dugunez, analisi makroekonomikotik ondoriozta daitekeen «dinamismorik eza» ez dator bat azken hamarkadetan Europan izandako aurrerapen tekniko eta teknologikoaren egiaztapen praktikoarekin. Badirudi «produktibitatearen paradoxa» horren azalpena ez dela aurrerapen teknologikorik ez egotea, inbertitzaileek aurrerapen hori errentagarri egiteko ezintasuna baizik.
Inguruabar horrek testuinguru honetan kokatzen gaitu: sistema ekonomiko bat zeinean ekonomia produktiboa ez baita behar beste erakargarria inbertitzaileentzat, eta inbertitzaile horiek zorpetzea eta finantzarizazioa sustatu behar izan dituzte errentagarritasuna sortzeko «etorkizuneko emaitza hipotetikoen kontura», hori baita, eta ez beste ezer, finantza-inbertsioak dakarrena.
Horrenbestez, Europako ekonomiaren finantzarizazioa ez litzateke izango finantza-eliteen «ustelkeriaren» ondorio hutsa, ezta behar besteko dinamismorik ez duen ekonomia suspertzeko tresna hutsa ere. Seguruenik, benetan inbertitzaileen premia bat da, behar besteko errentagarritasunik ez dakarren ekonomia dinamiko bat finantza-izaera hutsa duten bestelako inbertsio errentagarriekin osatzeko.
Agiri hau EKAI Centerrek landu du EUROPAREN ETORKIZUNA egitasmoaren barruan. Eskerrik asko zure interesagatik. Jarraitu gurekin.
2010ean abian jarri zenetik, EKAI Taldea berehala azaldu da erreferentziazko aholkulari gisa tokiko eta eskualdeko erakundeetan eta hedabideetan.
Aholkularitza bat baino gehiago gara. Halaber, garapen ekonomiko eta sozialarekin konprometitutako think tank bat gara, ekonomia erreala eta gizarte eraginkor, aktibo eta parte-hartzaileagoak bultzatzearekin konprometitua.
Aholkularitza estrategikoa da gurea, erakunde publiko eta pribatuei bideratuta, eta arlo sozioekonomikoei buruzko informazioa, prestakuntza eta komunikazioa ere lantzen ditugu.
EKAI Taldearekin lan egitea benetako aurrerapausoa da kudeaketa publikoaren eta pribatuaren hobekuntzan, gure herritarren etorkizunarekin konprometitutako ikuspegi batetik.
Gurekin kontaktuan jartzeko: +34 943250104 edo ast@astinnovation.info / ekai@ekaicenter.eu / www.youtube.com/@ekaigroup2109