2024-08-11 13:23

Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak deituta, atzo arratsaldean ere manifestazioa egin genuen Donostiako Aste Nagusiaren atarian. Honako esteka hauetan, pare bat bideo labur:

Eguzki en X: “Donostiako manifestazio antitaurinoa 2024. #ZezenketarikEz ! https://t.co/q3xg8lhMsr” / X (twitter.com)

Bideoa: Ehunka pertsona bildu dira Donostian zezenketen aurka (eitb.eus)

Bukaerako interbentzioen edukia, berriz, gutxi gorabehera honako hau izan zen…

UDAL GOBERNUAK AGINDUTAKO HERRI-GALDEKETA EZ, BAINA ZEZENKETAK BULTZATZEN JARRAITZEN DU

Udal-gobernuak, herritar gehienon nahiari bizkar emanda, zezenketak lotsarik gabe babesten ditu.

Donostia Antitaurina Orainek 2017an bildu zuen Herritarrek Parte Hartzeko Udal Araudiak aurreikusitako sinadura-kopurua, eta, horrela, Illunbeko erabilera taurinoaren inguruko herri-galdeketa egiteko eskubidea irabazi zuen. Eskubide hori ukatu egin zuten Madrilen, baina Eneko Goia alkateak donostiarron iritzia ezagutzeko bideak aurkituko zituela agindu zuen. 2024an gaude, ordea, eta agindu hura betetzeko zantzu txikienik ere ez dago. Horra alkateak eta bere gobernu-bazkideak hiriko edozein kolektiboren aurrean erakutsi ohi duten gorreriaren beste adibide bat.

INORK SUFRITU BEHAR BADU, EZ DA FESTA

Tauromakia XII. mende inguruan ezarri zen. Esan beharrik ez dago garai hartako jendarteak oso bestelako balore moralak zituela eta analfabetoa zela. Herrialde askotan aspaldi ezabatu zuten tauromakia, herrialde horietan balore moralak eboluzionatu zirelako eta, ondorioz, herritarrek tauromakia arbuiatu zutelako. Hemen, berriz, mantentzen da, hori bai, gero eta zale gutxiagorekin eta diru publikoaren etengabeko injekzioei esker.

Tauromakia da animaliak –kasu honetan zezenak eta zaldiak– gure dibertimenturako erabiltzea zilegi dela pentsatzearen ondorio. Uste horrek elikatzen eta iraunarazten du animalien kontrako gure biolentzia. Uste hori ezabatuta soilik iritsiko gara arazoaren muinera.

Jendarteak alor askotan eboluzionatu du. Oso aurreiritzi sakonak agerian uzteko gauza izan gara. Horra hor arrazakeria edota sexismoa. Injustizia horiek agerian ipintzeko gauza izan bagara, animalien kontrako biolentzia ere agerian ipintzeko gauza izango gara.

ILLUNBEKO ERALDAKETA INTEGRALA

Gaur egun Donostian Illunbeko “eraldaketa integrala” planteatzen ari da, Anoetakoarekin batera. Batzuek, tartean alkateak berak, zenzen-plaza eraldaketa horretatik salbu utzi nahi dute. Bada, guk exijitzen dugu eraldaketa horretan erabilera taurinoa beste erabilera batzuek ordezkatzea. Izugarria litzateke oraingoan ere, berriro ere, diru publikoa zezenketak egiten jarraitzeko erabiltzea.

SINADURA BILKETA

[Manifestazio-bukaeran sinadurak bilduko zirela iragarriz.]

Sinadura horiek ILP bat bultzatzeko dira, hau da, Iniciativa Legislativa Popular bat edo Legegintzako Herri Ekimen bat. Gaur egun, tauromakia, legez, kultur ondare gisa kontsidaratuta dago. Ondare den aitzakian, era guztietako laguntza publikoak justifikatzen dira, batetik, eta, bestetik, tauromakia debekatu edo murriztu nahi luketen herri eta autonomia-erkidegoen lana blokeatzen da. Hain justu, ILP honen bitartez tauromakiak kultur ondare izateari utz diezaiola nahi dugu.

Zezenak jendaurrean hil arte torturatzea ez da kultura!, ez da, behintzat, gure kultura!

Besterik gabe, ondo pasa Aste Nagusian, inor sufriarazi gabe

EZ, EZ, EZ, ZEZENKETARIK EZ!!!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/