2025-03-03 18:06

Itsas babesgune-proposamenaren xehetasunen berri ematen, Ulian barrena egindako martxa batean.

Europako Batzordeak “Jaizkibel-Capbreton Itsas Eremua” babesteko erabakia hartu du, Natura 2000 Sarearen barruan Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) gisa. Sare hau planetako eremu babestuen multzo handiena da, Europar Batasunean 27.000 gune baino gehiago batzen baititu, eta biodibertsitatea eta basa-bizitza zaintzea du eginkizun. Jaizkibel-Capbreton 1.500 km²-ko itsas eremua da, eta Igeldoko itsaslabarretatik Higer lurmuturreraino itsaso zabalera hedatzen da, 2.000 metroko sakoneran dagoen Capbreton urpeko fosaraino.

Ulia eta Jaizkibelekin mugakide diren uretako biodibertsitate pelagikoaren balioen babesa 2010ean sortu zen, Oceana itsas kontserbaziorako nazioarteko fundazioaren eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialaren (COBE) baterako ekimen zientifikoaren ondoren. Eguzkik eta beste erakunde batzuek hasieratik babestu dugu, eta urte hauetan guztietan aldarrikatu dugu, Euskal Herriko hegoaldeko itsas ingurunean espazio babestuen eskasia deigarria dela eta, itsasoko Natura 2000 sare ahul batekin.

Jaizkibel-Capbreton Itsas Eremu babestua, Gobernu espainolak Europakko Batzordeari egindako proposamenaren arabera.

Espazio hori sortzea eragin duen natura-ondarea Batasunaren intereseko espezie eta habitat naturalen presentzian oinarritzen da batez ere (itsas ugaztunen populazioak, hala nola izurde handia, itsas arrezifeak eta urperatutako itsas kobak), eta ekosistema giltzarriak dira arrantza-baliabideetarako eta biodibertsitaterako.

Aipatzekoa da Jaizkibel-Capbreton itsas eremu hori beste eremu babestu batzuen ondoan dagoela, Lapurdiko itsasertzaren aurrean; beraz, Atlantikoko eremu babestu handienetako bat izan liteke.

Urte asko zain egon garen erabaki garrantsitzu hau txalotu nahi dugu, Honi esker giza erabilerak eta jarduerak arautuko dira, gaur egun Gipuzkoako itsas ingurunean eta itsasertzean dauden inpaktu eta mehatxu ugariak geldiarazteko lan egiteko: hondakin-uren isurketa eta saneamendu osatugabea, arrantza suntsitzailea, itsasertzaren artifizializazioa, jarduera nautiko intentsiboak, hondakin solidoak, kontrolatu gabeko urpekaritza, etab.

Urrats garrantzitsu bat eman da baina babesguneak dituen funtzioak bete ahal izateko eremua arautzen duten dokumentuak ahalik eta azkarren onartzea ezinbestekoa da, eta gure lana horretara bideratuko dugu.

EGUZKI, 2025eko martxoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/