2025-02-10 18:20

Illunbe Berrian aldatzen ez den bakarra zezen-plazaren egitura da, eta hari lotutako erabilera, noski.

Udal-gobernuak Donostian zezenketak egiten jarraitzeko aukera berriz ere diru publikoz finantzatu nahi duela salatu du Eguzkik.

Udal-gobernuak aurkeztu duen proiektuak Illunbe zeharo zaharberrituko du, eraikinak ez ezik espazio libreak eta gaur egungo bideak ere. Baina “zeharo” esan dugu. Egia ote? Ez guztiz. Izan ere, paradoxikoki, Illunbe Berrian aldatuko ez den bakarra zezen-plazaren egitura bera izango da, eta hari atxikitako erabilera. Alegia, Illunbe Berrian, zaharrean bezala, zezenketak antolatzen jarraitu ahal izango dira, alkateak proiektuaren aurkezpenean bertan espresuki adierazi zuen bezala. Beraz, Illunben egiten dena egiten dela, zezenketekin bateragarria izango da.

Gauzak horrela, berriro ere agerian geratu da ez dela egia Goiak azken urteotan behin eta berriz errepikatu duen leloa, alegia, Udalak ez duela zezenketekin zerikusirik, eta ekimen pribatua baino ez direla. Donostian zezenketak egiten dira soil-soilik Udalak Illunbe antolatzaileen esku uzten duelako. Eta, hain justu, hori horrela izaten jarraitzea da udal-gobernuak Illunbe zaharberritzeko ezarri duen baldintza. Nahiz eta zezen-plaza alde batera uzteak zaharberritze-lanak erraztuko lituzkeen, zalantzarik gabe, zeren zezen-plaza ekuziotik aterata, aurreikusitako kirol- eta kultur-instalazioak diseinatzea eta eraikina bera proiektatzea  errazagoa izango bailitzateke.

Bestela esanda, hemendik aurrera ezingo da esan, orain arte bezala, Donostiak zezen-plaza duela amarru urbanistiko historikoen ondorioz, baizik eta udal-gobernuak berariaz hala erabaki duelako. Donostiarrok urte hauetan guztietan zezen-plaza urre-prezioan ordaindu dugu, eta hemendik aurrera ere hala izaten jarrituko du.

Baina Eneko Goiak ederki asko daki donostiar gehienok ez dugula nahi udal-instalazioak erabiltzea zezenak hiltzeko; ez dugu nahi baliabide publikoak erabiltzea zezenketak finantzatzeko. Udalak berak 2017an enkargatutako inkesta batek agerian utzi zuen herritarron % 71 horren aurka geundela. Eta alkatea ez bada fio Udalak berak enkargatutako inkesta horretaz edo beste batzuez, egin dezala behingoz agindu zuen herri-galdeketa. Egia da PPren Gobernuak 2016rako iragarritakoa debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak debeku hura gogor salatu eta “beste bide batzuk” aztertuko zituela iragarri zuela, “herritarrek gai honi buruz duten iritzia adierazteko aukera izan dezaten”. Bide horiek izan, badira. Izan ere, Udalak erabiltzen ditu egoki ikusten duenean,  Orduan, debekua zela eta, oso hitz zentzuzkoak esan zituen Goiak, esaterako, honako hauek: “Demokrazia jardunarekin erakusten dela sinesten dugunok uste dugu, XXI.mendean gatazkak eta arazoak hiritarren iritzia entzuten konpontzen direla. Hortaz, nolako interesak dituzte hainbat alderdik ez baimentzeko iritzi kontrajarriak sortu dituen gai bati buruz hiritarrek iritzia emateko?”. Bada, alkateak berak erantzun dezake galdera, zeren donostiarren iritziari entzungor egiten jarraitzen baitu gai honetan. Are gehiago, Illunbe Berrian zezen-plaza bermatzea ezarri du oinarrizko baldintza.

Illunbe Berria eta zezen-plaza zaharra?

EGUZKI, 2025eko otsaila

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/