2024-12-10 00:58

BERRIA.Iñigo Astiz. Oraingoz, Guggenheim museoa mamu bat baino ez da Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta eskualdeko hogei udalek martxan duten Busturialdea-Urdaibai eskualderako plan estrategikoa adosteko prozesuan. Otsailean iragarri zuten plana egiteko asmoa, urrian egin zuten talde eragilearen lehen bilkura, eta Busturialdea-Urdaibairen egungo egoerari buruzko diagnosi bat aurkeztu dute orain. Eskualdean diren ur hornidura arazoak aipatu dituzte bertan, eta hiriguneetatik urrundu ahala errepideak ere egoera txarrean daudela zehaztu, besteak beste. Parte hartze prozesua zabalduko dute orain, eta diagnosi hori hartuko dute oinarri eskualdeko eragileekin antolatuko dituzten sei foroetan. Inguruari «osotasunean» eragingo dioten proiektuak bilatzea da asmoa. Baina ez dokumentuan eta ez haren aurkezpenean ere ez da bertan eraiki asmo duten museoari buruzko inongo aipamenik egin.

Diagnosiaren zirriborroa ezagutarazi dute, eskualdeko alkateek oraindik ere zabalik dutelako ekarpenak egiteko aukera, eta, beraz, behin-behinekoa delako testua. Edonola ere, Busturialdea-Urdaibairen erretratu zabal eta zehatza egiten du testuak, eta etorkizunean kontuan hartu beharreko zortzi erronka ere zehazten ditu, amaieran. Hain zuzen, horiek izango dituzte abiapuntu asteazkenean eta ostegunean egingo dituzte parte-hartze mahaietan. Eusko Jaurlaritzak, aldundiak edo udalek gonbidatutako jendeak hartuko du parte bertan. Enpresariak zein gizarte ordezkariak izango dira, tartean, eta BERRIAk jakin duenez, Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak ere gonbidatu dituzte, eta parte hartzea onartu egin dute.

Eskualdeko ondare historiko, ekologiko eta kultural aberatsa babestea da diagnosiak biltzen dituen erronka horietako lehena, esaterako. Izan ere, diagnosian bertan zehazten denez, biosfera erreserbaren parte dira eskualdeko lurren %80. Baina, horrez gainera, enplegua sustatzeko beharra ere aipatu du testuak, bai eta eskualdearen erakargarritasuna turismoa sustatzeko baliatzea ere; betiere, «ikuspegi jasangarria» kontuan hartuta.

Ur arazoak

Eskualdeko biztanleek dituzten arazoak ere seinalatu ditu diagnosiak, halere. Oinarrizko azpiegiturei lotutakoak dira horietako esanguratsuenetako batzuk. Urari buruzkoak dira arazoetako batzuk, adibidez. «Agorraldietan baliabide gutxi dago», zehaztu du diagnosiak, «eta horrek ibilguen emari ekologikoak sakrifikatzea dakar, hornidura bermatzeko». Horrez gainera, Gernika-Lumoko akuiferoaren sektoreak kutsatzeko arriskua ere aipatu du, eta, ura arazteko estazioen ahalmena ertaina edo txikia kontuan harturik, saneamendu arazoak ere badaudela zehaztu du.

Errepide sarearen ahalmena «ertaina» edo «ertain-txikia» dela dio testuak. Eta BI-631 eta BI-535 errepideen lehen lotura zatia «baldintza onetan» dagoela onartuta ere, herriguneetatik urrundu ahala, haien egoerak «okerrera» egiten duela esaten du. Eskualdeak dituen autobus eta tren loturak ere aztertu dituzte, bestalde.

Arrantza sektorearen beherakada, eta nekazaritzan eta basogintzan belaunaldi aldaketarako zailtasunak daudela dio testuak. Eta hirugarren sektorean tentsio turistikoa «gero eta handiagoa» dela ere aipatu du. Zehaztu dutenez, esaterako, Bizkaian hemeretzi puntukoa da mila biztanleko turismo ostatuko plazen tasa, eta, aldiz, 30,4koa da kopuru hori Busturialdea-Urdaibain. Bisitariak jasotzeko disuasio aparkalekuak eta turismorako garraio publikoko sare bat falta aipatu ditu testuak.

2025eko udaberrirako adostu nahi dute zer egitasmo jarriko dituzten abian. Hurrengo bi edo hiru urteetarako egingarriak diren proiektuak sustatuko dituzte lehenik, eta bigarren kontraste saio batzuen ondoren ekin nahi diete epe luzeagorako esku hartzeei. Ez dago erakundeek horretarako bideratuko dituzten diru partidei buruzko daturik oraindik, adostutako proiektuen araberakoak izango direlako, neurri handi batean. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak 25 milioi euroren bueltako poltsak bideratu izan ditu Busturialdea-Urdaibain egin asmo duten lurraldez gaindiko proiektuetarako.

«Oso parte hartzailea»

Eskualderako plan estrategikoari buruzko iritziak biltzeko metodologia «oso parte hartzailea» dela esan du Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak. Eskualdeko gizarte eragileak, enpresak eta hainbat herritar deitu dituzte eztabaida foru horietan parte hartzera, eta, hortik aurrera, herritarren iritziak biltzen jarraitzeko asmoa ere badute. «Metodologia honekin bermatzen da guztion artean lankidetzan aurrera egitea eskualde honen garapen sozioekonomikoan».

Edonola ere, prozesuaren «lidergoa» talde eragileak izango duela esan du Basurkok. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta eskualdeko hogei alkateek osatzen dute talde hori, eta, parte hartze prozesuan bildutakoa kontuan hartuko badute ere, haiena izango da azken hitza.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkarek ez dute prentsaurreko publikorik egin, oraingoz, diagnosia eta parte hartze prozesua aurkezteko. Ainara Basurko Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak egin ditu adierazpen publiko bakarrak.

ZORTZI ERRONKA

  1. Eskualdeko ondare historiko, ekologiko eta kultural aberatsa babestea.
  2. Biztanleen bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko baldintzak sortzea.
  3. Jarduera ekonomikoa bultzatzea.
  4. Azpiegiturak indartzea, enpresentzako ingurune lehiakorra sortzeko.
  5. Eskualdeko erakargarritasuna balioestea, turismoa ikuspegi jasangarritik aukera sektore gisa dinamizatzeko.
  6. Kolektibo kalteberekiko arazoei heltzea.
  7. Kalitatezko enplegua sustatu eta prestakuntza eskaintza egokitzea.
  8. Garapen integrala eta koordinatua bultzatzea, eskualde ikuspegiarekin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/