2024-10-15 18:37

GUGGENHEIM URDAIBAI STOP plataformak dei egiten die aurten berriro ere Busturialdeko herritarrei, baita eskualdea maite duten guztiei ere, larunbatean, urriak 19, Gernikako Pasealekutik abiatuko den manifestazioan parte hartzera.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak gure eskualdean inposatu nahi duten proiektuari STOP eta STOP esan behar diogu irmotasunez. Izan ere, erakunde horiek proiektu hori bultzatzeko bat egiteak ez du ezelan ere esan nahi proiektu publikoa denik, herritarron parte-hartzeaz diseinatua izan denik, ezta Busturialdeak dituen beharrei erantzungo dienik ere. Ez da horrela, ez! Izan ere, fundazio pribatu baten gurariak asetzea du helburu eta gutxi batzuen probetxurako izango da! Hori onartezina da gu guztion diruaz garatuko eta garatzen ari den proiektua izanik. Diru publikoa inbertsio publikoetarako izan behar da eta gu guztion onurarako!

Berriki, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren hitzetan entzun dugu proiektu hori “definitu barik” dagoela, baina, hala eta guztiz ere, administrazioentzat “alde batera utzi ezineko” proiektua dela; are gehiago, “nazio proiektua” ei da. Hori kontraesana! Zehaztasunez ezagutzen ez den proiektua itsu-itsuan defendatu eta bultzatzea, eskualdea osatzen dugunon etorkizuna jokoan jarriz, ardura barik jokatzea da. Nazioa herritarrok osatzen dugu eta ez dugu proiektu horren beharrik ikusten, are gutxiago ganorazko diagnostiko amankomun batetik eta parte hartze prozesu sendo batetik abiatzen ez bada. Mota askotako alternatibak aztertu eta adostea gutxienekoa da. Proiektua hobetzeko asmoz mugak herritarrekin jarriko direla ere esan digute. Baina, edonola ere, egin egingo dela diote.

Muga horiek aspaldi jarri zituen naturak eta ondoren, lege eta itun ezberdinek jaso eta aitortu. Ingurumenari dagokionez, Guggenheim Urdaibai proiektuak marra gorri guztiak gainditzen ditu. Horrez gain, Biosfera Erreserbaren xedea eta mamia zeharo urratzen ari dira, Urdaibaiko normatibaren kontrako ekintzak burutuz. Lege eta itun horiek errespetatzea agintarien betebeharra da, bai eta zuzen eta arduraz jokatzea ere. Turistifikazioaren aldeko apustu itsuak ez du ekarriko ezer onik. Eta horrek guztiak itzel kezkatzen gaitu. Gobernantza eredurik zatarrena erakusten digute, inposizioa alegia. Ez dugu nahi proiektuaren azken pintzeladen kolorea adostea soilik.

Beharrezkoa den prozesu parte-hartzailea martxan jartzen den bitartean, administrazioek zera egin behar dute: Urdaibaiko padurak eta beste hainbat gune babestu, jendez betetzea proposatu beharrean. Ekosistema horiek lehengoratzen eta kontserbatzen aritu beharko lukete, gaur egun jasaten ari diren presio handia arintzen laguntzeko.

Horixe da Europako, espainiar estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko lege eta araudiek diotena, eta horixe da zentzuz jokatzeak dakarren obligazioa. Europako legeak lotesle eta nahitaezkoak dira eta horiek ezin dira bozka batzuen truke tolestu nahierara; aitzitik, errespetatu eta bete egin behar dira. Horrela eginez gero, ondo baino hobeto dakigu denok, Guggenheim Urdaibai proiektua ez dela bideragarria eta horrexegatik exijitzen dugu bertan behera uzteko.

Zentzugabekeria eta arduragabekeria horren aurrean, Guggenheim Urdaibai proiektu burugabe horrekin eta berori bideratzeko ematen ari diren urrats administratiboekin arduratuta zaudeten herritar guztioi, inposizioak onartzeko prest ez zaudeten guztioi eta gure etorkizuna geure esku egon behar dela pentsatzen duzuen guztioi, GUGGENHEIM URDAIBAI STOP plataformak dei egiten dizue parte har dezazuen datorren larunbateko manifestazio zaratatsuan.

Manifestazioa Gernikako Pasealekutik abiatuko da, arratsaldeko 18:00etan.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu ekimen honek hainbat eta hainbat talde eta norbanakoren atxikimendua jaso duela, eta beste hainbatek, babesa erakutsi badute ere, nahiago izan dutela izenik ez eman, beraien lanpostu publikoei zor dieten errespetuagatik.

Hemen ez dago alde batera utzi ezin daitekeen proiekturik, burugogorkeria gogorretan gogorrena izan ezik!

Eskerrik asko, den-denoi!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/