Nafarroako Gobernuak onartu du, azkenean, usapalak ehizatzeko behin-behineko debekua, eta horrelaxe islatzen da 2021-2022ko ehizaldia arautuko duen foru aginduaren proiektuan. Beraz, gauzak ondo bidean, aurten ezingo dira usapalak bota Komunitateko zeruetan.
Usapal populazioek izan duten sekulako beherakada ikusita, Eguzkik, beste hainbat elkarte ekologista eta naturazalek bezala, badaramatza urte batzuk espezie hau babestu edo, behintzat, ehizatu daitezkeen hegaztien zerrendatik atera egin behar dela aldarrikatzen. Alde horretatik, pozten gara, noski, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiarengatik. Baina, halaber, argi eta garbi esaten dugu erabaki hori lehenago hartu behar zuela. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez beste ezertan. Eta Nafarroako Gobernuak, zoritxarrez, ez du horrela jokatu.
2018ko maitzean onartu zen Usapala (Streptopelia turtur) Babesteko Ekintza Plana, Europako Batzordeak bere egin zuena. Plan horrek aurreikusten zituen “premiazko” neurrietako bat zen behin-behineko (eta berehalako) debekua Europa osoan. Horregatik iragarri genuen debeku hori berandu baino lehen orokortuko zela, eta Nafarroan ere ezarriko zela. Gobernuak horrenbeste ere bazekien, noski, baina nahiago izan du erabakia ahal den gehien atzeratu. Zenbat eta beranduago ezarri, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea.
Egia da Nafarroako Gobernuak usapal-ehiza azken urteotan modu mugatuan baimendu duela. Baina hori bezain egia da, espeziea zein egoeratan dagoen ikustia, Ekintza Planaren atzean dagoen aditu batzordeak esan duela kopuru onargarri bakarra 0 dela.
Bitartean, Europatik zigor-mehatxu bat baino gehiago egin dizkiote Espainiako Gobernuari Usapala Babesteko Ekintza Plana ez betetzeagatik. Transizio Ekologikoko Ministerioak espeziea babesteko proposamen bat aurkeztu zuen otsailean Bioaniztasun Batzordean, baina bertan ordezkatuta dauden komunitate autonomo gehienak kontra agertu ziren. Alabaina, gehienek ere, Europaren mehatxuen aurrean amore emanda, behin-behineko debekua, behintzat, onartu zuten.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek orain dela bi urte onartu zuten debekua. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Estatu frantses osoan bezala, iaz ez zen usapalik bota, Estatu Kontseiluak hartutako erabaki baten ondorioz. Beraz, orain arte Nafarroa Garaia izan da salbuespena. Baina, dena ondo bidean, uda honetan gure zeruetan ez da usapalik tiroz botako. Legez, behintzat.
EGUZKI, 2021eko uztaila
La entrada Eguzkik poza agertu du Nafarroako Gobernuak usapal-ehiza behin-behinean debekatuko duelako, baina bazen ordua! aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.