2024-07-02 13:16

Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok ostiralean iragarri zuen bere Departamentuak “datozen urteetan” Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea osatzeko 208 milioi euro inbertituko dituela. Iragarpen hori, oraingoan ere, inolako autokritika-zantzurik gabe egin zuen, eta mugikortasun jasangarria eta bizikletaren erabilera sustatzeko konpromisoari buruzko ohiko erretolikaz bilduta.

  • Zer dago, ordea, iragarpen horren atzean? Ostiralean bertan Bizikletaren Kontseiluan aurkeztu zen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planaren ebaluazioa eta birprogramazioa
  • Eta zer da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plana? Batzar Nagusiek 2013an aho batez onartu zuten Plana da, Foru Bidegorrien Oinarrizko Sarea osatzeko falta ziren bidegorriak 2021erako egitea aurreikusten zuena.
  • Eta Planak aurreikusi bazuen bidegorri horiek 2021erako gauzatuta egon behar zutela, zergatik birprogramatu behar dira orain, 2024an? Bada, ostiralean aurkeztu zen ebaluazio- eta birprogramazio-dokumentuan bertan irakur daitekeen bezala, Planaren gauzatze-maila oso apala izan delako.
  • Oso apala? Bidegorrien Oinarrizko Foru Sarea osatzen duten 289,96 kilometroetako 137,82 baino ez daude gaur egun erabilgarri, hau da, % 47,53. Erdia ere ez.
  • Baina zergatik ez da Plana gauzatu? Ebaluazio-dokumentuak dio arrazoiak “aztertu” egin beharko direla, baina argi eta garbi aipatzen du begi-bistakoena: Aldundiak Plana gauzatzera behar baino askoz diru gutxiago bideratu du, eta, gainera, bideratu dituen partidak ere ez dira beti behar beste gauzatu.

Hori da errealitatea, Aldunditik behin eta berriz bizikletarekiko konpromisoari buruz kontatzen diguten ipuina zeharo gezurtatzen duena. Asensio “datozen urteetarako” saltzen ari da dagoeneko eraikita egon beharko luketen bidegorriak.

Gauzak horrela, garbi dago Plana birprogramatu behar dela. Are gehiago, langintza horretan ere berandu gabiltzala esan dezakegu, kontuan izanda Plana gauzatzeko epea 2021ean bukatu zela eta dagoeneko 2024an gaudela.

Gainerakoan, espero dugu Aldundiak gaia hemendik aurrera orain arte baino serioago hartzea. Egia esan, zaila ere ez dirudi. Hori bai, horretarako, bizikletari eta jasangarritasunari egindako propagandazko laudorioen ordez, Planean konprometitutako inbertsioak gauzatu behar dira.

Gure partetik saiatuko gara segimendua egiten eta, kasu honetan bezala, gakoak ematen, ziria nolanahi sar ez diezaguten.

EGUZKI, 2024ko uztaila

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/