2024-11-27 18:02

Loatzo, Irura. XX. mendean mendi-tontorretan eraikitako gurutzetako bat.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJren, PSEren eta PPren aldeko botoekin, joan den ostiralean erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea “azter ditzala gure mendietako gailurretako gurutzeen osotasun materiala eta esanahia babesteko aukerak”. Adi: ez gurutze hau, hori edo hura babesteko aukerak, “gurutzeak” baizik. Gure hasierako harridura berehala amorru bihurtu zen: gurutzeak babestu? Eta mendiak? Izan ere, hamaika dira gure mendietako biodibertsitate, paisaia eta, oro har, ondarea mehatxatzen dituzten proiektu energetikoak, abiadura handikoak eta era guzti-guztietakoak. Gauzak horrela, Batzar Nagusiak zerbait babesteko eskatzen hasiko dira eta… gurutzeak?

Albistea ezagutu genuenetik egun batzuk pasatu dira eta hasieran sentitu genuen amorrua apaldu da, baina jarraitzen dugu guzitz desados egoten Kultura Batzordearen erabakiarekin. Badakigu gurutzeen inguruko eztabaidan ingurumena ez dela kontuan hartu beharreko irizpide bakarra. Sinbolo erlijiosoek espazio publikoan  jokatu behar duten rola ere ezbaian baitago. Izan ere, egia da gurutze horietako batzuk, denboraren poderioz, “tradizional” bihurtu direla. Baina hori bezain egia da gurutze horiek ez direla herritarren debozio espontaneoaren ondorio huts. Botere erlijioso eta politikoak espresuki emandako bultzadaren ondorio ere badira. Horregatik diogu kontziente garela gurutzeen inguruko eztabaidan ingurumena ez dela kontuan hartu beharreko irizpide bakarra, baina bada kontuan hartu beharreko irizpide bat. Gure ustez, behintzat, garbi dago mendi-tontorretan ahal den gehien soildu behar direla naturalak ez diren elementuak.

Ez gara orain mendi-tontorretan dauden gurutze guztien eta bakoitzaren eraisketa eskatzen hasiko. Gu, behintzat, ez. Baina ez gaude akritikoki onartzeko prest “gurutzeak”, oro har, babestu egin behar direla, “euskal kulturaren” osagai “esanguratsuak” diren aitzakian, Kultura Batzordearen ebaspenean irakur daitekeen bezala. Izan ere, mendietan porlan gehiegi dago, gurutze itxuran bada ere, eta porlan hori kentzeak on egingo lioke tontorrak ingurumen aldetik leheneratzeari, alegia, berriz ere jatorrizko itxura hartzeari. Gure ustez, hori ERE bada babestu beharreko “euskal kultura”.

EGUZKI, 2024ko azaroa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/