Bizi, ANV-COP21 eta Alternatibak fermuki gezurtatu nahi dute Canard Enchaîné-k argitaratu informazioa: «Desobedientzia zibilaren arloko 7 elkarretaratzeen ezeztatzearen ordainez, tokiko bi ekintzaile taldeen arduradunek igandean Baionan desfilatzeko baimen ez ofiziala lortu dute delako (alderantzizko) «potreten martxarentzat»».
1) Potreten Martxa Bizi, ANV-COP21 eta Alternatibak antolatzen zuten.
Alternatiba eta ANV-COP21 ez ziren Kontra Gailurra antolatzen zuten 2 plataformetako kideak. Bizi! euskal mugimendua bere aldetik G7EZ plataformako kide zen, baina Bizik bakarrik Kontra-Gailurraren eta larunbata, agorrilaren 24ko Hendaia eta Iruneko manifestaldiaren antolaketarekin bat egin zuen,
Bizi ez da sekulan izan igande eguerdiko aitzin ikusiak ziren 7 elkarretaratzeen (Ortzadar izendaturiko elkarretaratzeen) ko-antolatzaile.
Ondorioz, Bizi!, Alternatiba eta ANV-COP21-ek ez dute parte hartu 7 elkarretaratzeen ezeztatzera eraman duten bilkura eta elkarrizketetan, eta gainera ezeztatze horretara eraman dituzten arrazoinak ez ditugu ezagutzen.
2) Potreten martxa baino 6 egun lehenago, Pirinio Atlantiko departamenduko Suprefeta den Hervé Jonathan jaunak Bizi! kontaktatu du jakiteko zehazkiago zer egiteko xedea ginuen igandean agorrilaren 25ean. Nahi zuen bereziki jakin ea potretekin desfilatzeko xedea ginuenez, horrek «lehendakariaren irudiaren andeatzea» ondorioztatzen ahal baitzuen. Desobedientzia zibileko ekintza bat zenez, gure xedeei buruz, den mendreneko informaziorik emaitea errefusatu dugu. Bere arduren hartzea galdatu diogu eta jakinarazi diogu gure militanteak prest zirela arrastatuak izaterat eta baimenik gabeko martxa honetan beren parte hartzearen ondorioen asumitzerat. Ez dugu absolutuki deus negoziatu, eta noski antolatzen ez genituen elkarretaratzeen ezeztatze bat ere ez.
3) Nola Eliseoaren jarrera eta segurtasun indarrei emanen zizkien manuak zein izanen ziren ez ginazkien, gure Potreten Martxa antolatu dugu hipotesia gisa hartuz erdialde historikoa poliziaz osoki inguruatua izanen zela, eta polizia saiatuko zela martxaren oztopatzea azken hilabete hauetan errekisizionatuak izan ziren potretak goraki (burua alderantziz) altxatuak izanen zirelarik. Gure militanteetarik 200 sar arazi ditugu erdialde historikoko apartamendu eta lokaletan, larunbatean, arratsalde hastapenean, auzoaren balizko inguratzearen saihesteko. Denak abisatuak ziren biharamunean arrastatatuak izaiteko zituzten arriskuetaz, eta horretarako atxilo aldian izendarazteko 2 abokaturen zenbakiak bazituzten.
4) Azkenean, autoritateek Potreten Martxa egitea utzi dute ikusiz kasu guzietan galduko zutela. Ehunka klima-militante ezbortitzak atxilotzea, haiekin potreta batzuk ukaiteagatik, gehienak engainu-amarruak izanki, Van Gogh eta Gauguin bezalako margolarien kopiak edo natura hilak besteak beste, gainera mundu guziko 200 kazetariren aitzinean, politikoki eta mediatikoki kaltegarriago iduritu zaie Estatuko gune segurtatuenean, Hexagono osoan bilatuak diren 14 lehendakari-potret ofizialak altxatuz, desfilatzea uztea baino.
5) Osoki gezurrezkoak diren bertsio ezberdinak kurritzen dira G7aren kontrako mobilizazioetan bortizkeriarik gabeko klima mugimenduek hartutako jarreraz, iduriz gure mugimenduei kalte egin nahi duten talde militante batzuk bai eta ere Estatutik beretik elikaturik. Bizik denbora hartuko du, burua hotz atxikiz eta heldu den astean, egiak berriz finkatzeko, azalduko ditu datuak, kronologia eta batzu eta besteen jarrerak.
Bizi, Alternatiba, ANV-COP21