Atzoko manteroen aldeko bilkuraren ostean, gaurkoan, berriro kontzentrazioa egin dute konpartsek, oraingoan, hainbat erasoren berri izan ondoren, erasoen aurkako protokoloa aktibatuta. 20:00etan Arriaga aurrean egin dute kontzentrazioa eta gaur gauerdian kazerolada egingo da txosnetan. Hauxe da Bilboko Konpartsak federazioaren izenean Irati Sienrak eta Zaloa Arasek adierazitakoa:
Zoritxarrez, Bilboko Konpartsetako kideok Aste Nagusian izandako erasoak salatzeko bildu behar izan dugu. Azken egunotan hainbat eraso jaso ditugunez, erasoen aurkako protokoloa aktibatzea erabaki dugu. Hori dela eta, gaur 00:00etan kazerolada egingo dugu txosnetan.
Halaber, konpartsok erasoen aurka egindako protokoloaren balioa nabarmendu nahi dugu. Azpimarratu nahi dugu txosnagunetik kanpo gertatutako eraso bat jaso eta kudeatu dugula, zehazki, Bilboko Konpartsen federaziotik kanpoko txosna batean jaso den eraso bat. Horrek esan nahi du erreferentea garela babesa eta laguntza bilatzeko orduan; hau da, Areatzako txosnagunea leku segurutzat jotzen da.
“Alarma piztu” nahi dugu, eta altu esan nahi dugu ez dugula erasorik onartuko. Gure lana gutxiesten dutenei gogorarazi nahi diegu arazo horri aurre egitea guztion erantzukizuna dela: komunikabideak, erakunde publikoak, herritarrak… Ildo horretan, erasoak salatzeko beste tresna bat sortu dugu, eta gure lanean konfiantza izan behar dugu. Are gehiago, jai-giroa nolabait tentsionatuta dagoela ikusten ari gara. Bereziki, jazarpen (sexual) kasuak jaso ditugu, eta kasu guztietan gizonek egindako erasoak izan dira (jazarpena, baboseoa, ukituak, irainak…).
Kezkatuta gaude jaiak hasi eta gutxira eraso dezente ditugulako mahai gainean, eta horri gehitu behar dizkiogu jaso genituen probokazioak; adibidez, manifestazio feminista gertatu zen bitartean.
Jaietara hurbiltzeko gonbidapena luzatu nahi dugu, guztion artean jai giro osasuntsu eta segurua sortu dezagun. Erasotzaileei, berriz, ozen eta argi esan nahi diegu: Gera zaitezte zuen etxeetan, jakin ezazue ez zaretela ongi etorriak izango, eta zuen erasoen aurrean erantzungo dugula.
Gora jai aske, anitzak, partehartzaileak eta seguruak!
Gora Aste Nagusia!
The post Protokoloa aktibatu dugu hainbat erasoren ostean appeared first on Bilboko Konpartsak.